http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Uharte txikia baina indartsua

Dani Fano ‘Xabiroi’ aldizkariko koordinatzailea da./JOSÉ MARI LÓPEZ
Dani Fano ‘Xabiroi’ aldizkariko koordinatzailea da. / JOSÉ MARI LÓPEZ

Euskarazko komikien eremua murriztua izan arren, hamaika egileren presentzia bermatuta dago Getxoko Komiki Azokan

VIRGINIA ENEBRAL

Euskal Herriko komikizale guztiek hitzordua daukate datorren astean, Getxoko Komiki Azoka hastear baitago. Guztiek? Berrikus dezagun: tailerrak, emanaldiak, argitaletxeen saltokiak, aurkezpenak, egileak, topaketak, mahai-inguruak eta, batez ere, denontzako argitalpenak, hots, nobela grafikoak, fanzineak, bildumak… Ez dela ezer falta ematen du. Baina hiru eguneko programazioan, euskarazko solasaldi bat bakarra baino ez dago. «Hemen egiten den azoka garrantzitsuena da, bai datozen egile kopuruaren aldetik bai ibilbideagatik beragatik ere. Guretzat erreferentzia bat da, zalantzarik gabe. Baina egia da hau eta Estatuan egiten diren beste komiki azoka batzuk antzekoegiak direla. Horren falta sumatzen dugu, beste esparru batzuetan gertatzen den bezala, Euskal Herrian gaudela nabaritzea. Azkenean, uharte bat gara», aitortzen du Dani Fanok, ‘Xabiroi’ aldizkariko koordinatzaileak.

Ondorioz, ‘Ipurbeltz’ eta ‘Ardi Beltza’n ere lan egin zuenak euskaraz plazaratutako lan guztiak batzeko erronkari ekin zion. «‘Xabiroi’k daukan material propioaz gain, beste argitaletxeek ateratzen dutena ere gure saltokian jartzen dugu eskuragarri». Izan ere, hamalau zenbakia duen salmahaian beste inon baino sinadura-txanda gehiago antolatuko dira: hamazazpi topaketa hamaika egilerekin. Horien artean, ZaldiEroa eta Asisko Urmeneta euren azkeneko lanak aurkezten izango dira, ‘De rerum natura’ zazpigarren tira-bilduma eta ‘Eusklabo alaiak’, hurrenez hurren. Biak dira, gainera, ‘Tiragileak eta tiratzaileak’ euskaraz egingo den mahai inguruko parte-hartzaileak. Eta biak Fanorekin bat datoz. «Errealitate baten isla gara», deitoratzen du Urmenetak.

Patxi Huarte komikigilea.
Patxi Huarte komikigilea. / MIKEL FRAILE

«Hizkuntza ukatuan lan egiten dugunok, eta idazle galiziar baten hitzak hartuko ditut, nornahirentzat idatzi nahi genuke, ez bakarrik ‘patriota’ batzuentzat. Hau da, Galizian espainolez argitaratzen baduzu jendeak irakurri egingo du, baina galegoaren hautua egiten baduzu, nahiz eta gaia unibertsala izan, oraingo egoera honetan militante batzuk baino ez dute erosiko. Eta nik ez dut hori nahi, nik normaltasunez lan egin nahi nuke. Baina bistan da ezin dela eta horrexek islatzen du egoera politiko, soziolinguistiko edota ekonomiko bat. Hortaz, euskarazko ekoizpenak oso leku gutxi du Getxoko Komiki Azokan», azaltzen du Iruñako kreatzaileak.

«Urtero hamar edo hamabi berritasun kaleratzeko merkatua badago»

ZaldiEroa izengoitiaren atzean, Patxi Huarte ezkutatzen da. Patxiren aburuz ere euskarazko komikiek ez dute merezi luketen lekua. Arrazoia soziolinguistikoa dela dio: «Euskal Herria ez dago %100 euskaldundua; beraz, euskal komikigintza bere lurraldean ez ohikoa izaten jarraitzen du jende askorentzat. Funtsean, euskara da merezi duen lekua ez duena».

Etorkizuna

Dena den, hirurek eskertzen dute Getxoko Komiki Azokak ematen duen aukera. «Jendea elkarrekin fisikoki biltzeko eta elkar ezagutzeko data eta leku hauek garrantzi handikoak dira. Urtean hiruzpalau izaten ditugu eta bertan bizi izandako poz txikiekin animatzen gara urte osorako», azpimarratzen du Huartek. Nahiz eta datorren urtean esparru handiagoa hartzeko gogoa agerian utzi, Urmenetak nabarmentzen du antolatzaileen aldetik ondo hartuak izan direla: «Errealitate horren barnean, behintzat, indar bat egin dugu». ZaldiEroak eranstsi egiten du: «Mundu txiki-txiki bat gara, baina bagaude eta badira. Egia esan, euskaraz bizitzeko arlo guztietan badago zer hartu eta zer konpartitu, ilustrazioan eta komikigintzan ere bai. Hori bai, txikiak gara, txikiak eta kontzentratuak. Starlux pastilla baten gisa».

Irudian, Asisko Urmeneta komikilari nafarra.
Irudian, Asisko Urmeneta komikilari nafarra. / F. MORQUECHO

Lehen, unibertso hori are txikiagoa omen zen: «Duela hainbat urte, Astiberri eta gu hasi ginenean –gogoratzen du Fanok–, nahiko basamortu antzekotik gentozen. Gauza gutxi zeuden eta, ‘Ipurbeltz’ek jarraitzen zuen arren, tantaka ateratzen ziren lanak». Oraindik ez da kontsumo handiko adierazpena, baina koordinatzailearen ustez, «inoiz baino osasuntsuago edo interesgarriago dago». Izan ere, pixkanaka-pixkanaka argitaletxeen katalogoak handitzen joan dira. «Asmoa eta gogoa badago». Eta aurrean ere hor dago irakurlego «leial eta indartsua». Beraz, «gure neurritik atera gabe, urtero hamar edo hamabi berritasun kaleratzeko merkatua badago».

«Mundu guztian komikiak gero eta gehiago kontsumitzen dira»

Hiru ilustratzaileok ez dute, ordea, etorkizuna hain argi ikusten. Desioak, ametsak eta zalantzak nahastu egiten dira. «Baikor nagoenean mundu txiki baina indartsu bat garela iruditzen zait, eta datuak ere badaude diodana azpimarratzeko. Ezkor nagoenean, aldiz, ur epelean botatako azukre koxkor bat garela iruditzen zait. Galduko garela, alegia», aitortzen du egunero Berria egunkarirako ‘De rerum natura’ komiki zintak egiten dituen ZaldiEroak. Urmenetak dio komikia ikus-entzunezko euskarrira egokitzen ari dela. Horretarako, Euskal Herrian kreatzaile eta gidoilari «oso onak» daudela ziurtatzen du eta kideak egiten duen lana jartzen du adibidetzat. «Xabiroik esperimentu interesgarriak egiten ditu, esaterako, bikote ez ohiko bat batu. Hortik, kalitatezko ekoizpenak atera ohi dira. Industria falta zaigu, baina ni baikorra naiz».

«Itxaropentsu» erakusten du bere burua Dani Fanok. «Marrazkilariok estutasunekin ohituta gaude eta faltsua da pentsatzea euskal merkatuak izugarrizko hazkuntza izango duela. Baina mundu guztian komikiak gero eta gehiago kontsumitzen dira eta Euskal Herria ez da salbuespena. Lehen komikiaren bitartez tratatzen ez ziren gaiak tratatzen direlako orain eta komikia irakurtzera ohituta ez zegoen jendea sartzen ari delako. Alde horretatik panorama hobea sumatzen dut. Iraganeko egoera ezagutu ez duenak agian ez dio honi igarriko, baina basamortuko zeharkaldia zirudien 90eko hamarkada bizi izan genuenok, itxaropenez begiratzen diogu etorkizunari». Xabiroi aldizkariko zuzendariak arnasa hartu, une batean berriz hausnartu eta tematu egiten du. «Zantzuak behintzat onak dira».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos