http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udaltalde 21en Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoa, Europako '2017ko Ekintza Eraldatzailea' sariaren finalistetako bat da

Saria azaroaren 22an banatuko da; Arrigorriagaren partaidetza daukan ekimen horrez gain beste hiru proiektu lehiatuko dira: Zaragozako bat, Alemaniako bat eta Turkiako beste bat

ELCORREO.COM

Europako '2017ko Ekintza Eraldatzailea' sariaren lau erakunde finalistetako bat da Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoa (Arrigorriaga horren kide da). Sariaren sustatzailea ICLEI jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen europar sarea da, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Aalborg (Danimarka) hiriaren laguntza jasotzen du. Sari honek aitortzen ditu toki eta eskualde mailako berrikuntza-ekimenak, garapen bidean edo amaituta daudenak, eta gizartearen eraldaketa soziokultural, sozioekonomiko eta teknologikoa ahalbidetzen dutenak; hori guztia 'Euskal Adierazpenean' identifikatutako bideei jarraiki.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoarekin batera, honako ekintza hauek izan dira finalistak: '100ideiaZGZ: alferrik galdutako ideiarik gabeko hirirantz', Zaragozak aurkeztu duena; 'Mannheim klimaren bidean', Alemaniako Mannheim hiriarena, eta 'Tokiko demokrazia parte-hartzaile eredugarrirantz'; Nilüfer 'herritarren errepublika', Turkiako Nilüferrek aurkeztua.

Sariak banatzeko ekitaldia 2017ko azaroaren 22an izango da, Eskualdeen Europar Batzordearen egoitzan, Bruselan (Belgika). Ekintza irabazleak sari hauek jasoko ditu: garaikur bat; '2017. urteko Ekintza Eraldatzailea' izendatua izateko eskubidea; sustapen-bideo bat egiteko aukera; doako sarrera eta aurkezpen bat Hiri Jasangarriei buruzko hurrengo Europar Biltzarrean (2019an), eta ekintza irabazlea Hiri Jasangarrien Plataforman aurkezteko aukera: www.sustainablecities.eu

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek 2011n jarri zuen martxan Eskualdeko Jasangarritasun Bulego ezaguna, Arrigorriagaz gain Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio udalerriek osatzen dutena, Tokiko Agenda 21ei laguntzera zuzendutako zerbitzu publiko gisa. Ordutik bulego horrek martxan jarri dituen ekintza garrantzitsuenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: 2014an abian jarri zuen eskualdeko erosketa eta kontratazio zerbitzua, jasangarritasun irizpideekin, eta 2017an martxan jarritako Energiaren Eskualdeko Behatokia eta Energiari buruzko Herritarren Ataria. Azken horren helburua energiaren, ekonomiaren eta ingurumenaren alorrean eraginkortasuna erraztea zen, murrizketa hirukoitza lortzeko: kontsumo energetikoan (kWh), faktura energetikoaren gastuan (€) eta berotegi-efektuko gasen emisioan (BEG).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos