http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Udalak onartutako Lan Eskaintza Publikoa «positiboa» dela uste du ELA-k

Herri erakundeei exijitu die «behingoz enplegua egonkortu eta behin behinekotasunarekin amaitzeko neurriak» har ditzatela

ELCORREO.COM

ELA sindikatuak «positibotzat» jo du Bilboko Udalak asteazken honetan onartu duen 218 plazako Lan Eskaitza Publikoa, «behin behinekotasuna %5era jaitsiko baitu», eta Euskal Herriko beste udal eta herri erakundeei exijitu die «Bilboko Udalaren linea» jarrai dezatela eta «behingoz enplegua egonkortu eta behin behinekotasunarekin amaitzeko neurriak» har ditzatela.

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak 2017. urterako kategoria ezberdinetako 218 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu du asteazken honetan egin duen bilkuran. ELAk prentsa ohar bidez adierazi duenez, azken urteetan Bilboko Udalari zein Euskal Herriko beste administrazioei exijitu die «enplegu publikoa egonkortzeko neurriak hartzeko eta gaur egungo egoera larriari buelta emateko, behin behinekotasuna %36tik gora baitago».

Sindikatuak salatu du behin behinekotasun portzentajeak erakusten duela «gure agintariek enpleguari dagokionean prekarietatearen aldeko apustua» egin dutela, izan ere, «eremu publikoan dagoen tasak, eremu pribatuan dagoena bikoiztu egiten baitu».

«Bilboko Udalean behin behinekotasun tasa %16 ingurukoa da eta ez du bete orain arte udal administrazioko sektoreko akordioak esaten duena, hitzarmen horrek %6ra mugatzen baitu behin behinkotasuna. Gaur gobernu Batzordeak onarturiko eskaintzarekin, %5 inguruan geratuko da behin behinekotasuna udalean», azaldu du.

Udaltzaingoen oposaketa osoa, Arkauten

Lan Eskaintza Publikoaren barruan, udaltzaingorako 25 lanpostu ere onartu dira, baina, ELAren arabera, «Bilboko Udalak prozesu hau kanporatzea erabaki du eta Arkautek egingo du oposaketa osoa, beste udal batzuetako udaltzaingoko prozesuekin batera». Ildo honetan, sindikatuak ez du erabaki hori «inondik inora konpartitzen, udalak defendatzen duela esaten duen eta ELAk defendatzen duen udaltzaingoko ereduaren aurka egitea baita: gertukoa den eta udala ezagutzen duen udaltzaingoa».

Horrela, ELAk «prozesu hauen jarraipen zehatza» egingo du, eta Euskal Herriko beste herri erakundeei exijitu die Bilboko Udalaren ildoa jarrai dezatela eta «enpleguan hartzen dituzten erabakiak errotik aldatzea, Bilbok erakutsi duen bezala, borondate kontua baita». Azkenik, mobilizatzen jarraituko dela ziurtatu du, «instituzio bakoitzean enplegua egonkortu eta prekarietatearekin bukatzeko beharrezko neurriak har daitezela exijitzeko, horrela, eskaintzen den zerbitzu publikoa ere sendotzen baita».

Fotos

Vídeos