http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udalak Madril kaleko zenbait aparkalekutako eta Luis Olariaga kaleko azoladura hobetuko du, ia 185.000 euro inbertituta

Gasteizko Gobernuak 80.000 euro bideratuko ditu Arantzabal kaleko haur jolasak berritzera

SERGIO EGUÍA

Urtaranen gobernuak ia 185.000 euro inbertituko ditu Madril kaleko zenbait aparkalekutako eta Luis Olariaga kaleko zoladura hobetzeko. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak kontratazio-dosierrak onetsi ditu lan hauek egiteko: leku hondatuenetan bigunguneak konpondu, oraingo zoladura fresatu eta asfaltozko mikroaglomeratuko geruza bat bota. Halaber, egoera txarrean dauden zintarriak eta pasaguneak konponduko dira.

Luis Olariaga kalean 5.261 metro koadro hartuko dute lanek. Udal gobernuak 111.628,19 euroko aurrekontua (BEZa barne) onetsi du, eta gauzatzeko epea hilabetekoa izango da.

Madril kalean, berriz, lau aparkaleku-eremu konponduko dira, 4.179 metro koadro orotara. 72.813,29 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta gauzatzeko epea hilabetekoa izango da.

“Bi inguru horien erabilera handia da, beraz, oso hobekuntza garrantzitsuak dira. Izan ere, eragin zuzena dute leku horiek erabiltzen dituzten pertsonen ongizate eta bizi-kalitatean. Gasteiz gero eta erakargarriagoa, erosoagoa eta modernoagoa izan dadin ari gara lanean. Gainera, auzokoek biziki eskatutako esku-hartzeak dira, eta haien eskaerari erantzun diogu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Bestalde, Gasteizko Udalak 80.000 euro inbertituko ditu Arantzabal kaleko haur jolasak berritzeko; 2003an jarri ziren jolasak, eta erabilera handia dute. Urtaranen gobernuak oraingo instalazioa kentzeko eta berria jartzeko lanen kontratazio-dosierra abiaraztea onetsi du gaur. Hautatzen den enpresak alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan jolas-eremua diseinatu eta gauzatzean: umeek jarduera ludikoak egiterik izan dezaten bermatzea, “harremanak, ikaskuntza eta dibertsioa sustatuz eta osotasun físikoa arriskuan jar dezaketen faktoreak saihestuz”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Esleitzen denetik bi hilabeteko epea emango da proiektua gauzatzeko.

Haurrentzako eremu horrek 110,5 metro koadro ditu, eta bertan kautxuzko zoladura irisgarria jarriko da. Enpresek nahierara diseinatu ahalko dute jolas-eremua, proiektuan jolas kopurua, kokapena eta mota zehaztuta. Diseinuak praktikoa, iraunkorra, dibertigarria eta segurua izan beharko du, 0 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Eguraldia, itzala, haizea, euria eta beste aldagai batzuk ere hartu beharko dira kontuan. Orobat, mugimen-ezintasunak edo ezintasun psikikoa duten haurrentzat bereziki diseinatutako jolasak jartzeko baldintza ezarri du Udalak. Instalatzen diren ekipamenduek banaka edo taldean parte hartzea sustatu beharko dute, eta umeek irudimena erabiltzeko bide emango dute. Ez dira onartuko indarkeria edo agresibitatea sustatzen duten jolasak.

Udalak aukeratzen duen enpresak bi urteko bermea eskaini beharko du jolasek akatsik badute ere, edo fabrikazio, muntatze eta mihiztadura hutsik bada ere. Jolas-eremua zutoin batez seinaleztatutako da, zeinean alderdi hauek zehaztuko baitira: erabiltzaileen gehieneko eta gutxieneko adina, larrialdietarako eta mantentzeko telefonoak, umeen gurasoen edo laguntzaileen erantzukizuna, eremuaren inguruan erretzeko debekua, eta txakurrak jolas-eremuaren barruan sartzeko debekua.

Alkateak joan den astean iragarri zuenez, 28 jolas-eremutan hobekuntzak egingo dira dibertsitate funtzionala duten umeentzat, eta Pascual Andagoia plazan dauden haur jolasak ere berrituko dira, Koroatzearen auzoan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos