http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udalak 65 leku eskaintzen ditu baratzezaintzari buruzko ikastaroetan

Udalak 65 leku eskaintzen ditu baratzezaintzari buruzko ikastaroetan

Udalaren lursail bat lantzeko aukera ematen dute

I.AGOTE

Gasteizko Udalak irekiko du izena emateko epea Eraztun Berdeko udal baratzeetan baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroak egiteko. Ikastaroek baratzezaintza ekologikoaren arloko prestakuntza gehien bat praktikoa jasotzeko aukera eskaintzen die 65 pertsonari, gerora familiartean denbora libreko eta autokontsumorako jarduerak garatu ahal izan ditzaten. Gainera, jardueran parte hartzen dutenek udalaren baratzeak edo laborantza-mahaiak erabiltzeko aukera izango dute. Udalak 65 leku eskaintzen ditu Urarteko baratzeetan (Abetxuku), Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Ikastaroak 20 ordu irauten du; prezioa 38 euro da, eta udal instalazioetako abonatuei, 60 urtetik gorakoei, ikasleei eta langabeei deskontua egiten zaie. Berritasun gisa, aurten laborantza-mahaiak erabiltzen irakatsiko da, bereziki mugikortasun murriztuko pertsonei begira.

“IGIren bitartez, Gasteizko Udalak baratzezaintza hirian eta hiri ingurunean landu dadin sustatzen jarraitzen du, hiriko azpiegitura berdea osatu, elikagaien tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatu eta elikadura osasungarria zein aisialdi aktiboa bultzatzeko xedez. Gure ustez, horrelako jarduerak funtsezkoak dira gure gizartean zenbait kontzeptu zabaltzeko, besteak beste, elikadura-burujabetza, tokiko produktuen ekoizpena, osasunerako hezkuntza…” esan du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Iñaki Prusillak.

Urarteko baratzeak Eraztun Berdean daude, Abetxukun. Gutxi gorabehera 5 hektarea hartzen du esparruak, eta banakako 225 lursail ditu, bakoitza 75 metro koadrokoa, gehi 600 metro koadroko baratze kolektiboa, baratzezaintza ekologikoa praktikan irakasteko edo talde zehatz batzuek erabiltzeko; ureztatzeko uraskak ditu gune osoan banatuta, eta egoteko guneak.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko arduradunak jakinarazi du, halaber, Lakuabizkarreko baratzeak osatzeko lanak amaitzear direla. Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programan hautatutako espazio berria da, eta Ekoburuz ekologia eta kultura elkarteak kudeatuko du, LakuaKoLore proiektuaren bidez. Laborantzarako 5.000 metro koadro dira, eta Irati eta Ori kaleetatik sartu ahalko dira oinezkoak. Espazio Publikoaren Zerbitzuaren kalkuluen arabera, bost lanegunetan burutuko dute obra, eguraldia lagun.

Bestetik, Gasteizko udalerrirako nekazaritzako elikagaien eredu iraunkorrago bat sustatzeko politiken barruan, hiriko taldeen artean baratzezaintza, lorezaintza eta frutagintza sustatzeko zerbitzua eskaintzen du Udalak. Programa horrek 11 ekimen kolektibori (500 pertsonatik gora) lagundu zien. Aurten berriro eskainiko da zerbitzua, lantegi, bilera eta jardunaldiak antolatuz. Besteak beste, martxoaren 16an eta 17an, Hiri Baratze Kolektiboen II. Jardunaldia egingo da. Ostiralean, Lakuako lursail berria bisitatuko da, eta adinekoen zentro batean egindako esperientzia ezagutuko. Larunbatean, zenbait esperientzia ezagutaraziko dira, eta “Hezkuntza, gizarte eta terapia baratzezaintza” lantegia eskainiko da. Interesdunak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin jar daitezke harremanetan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos