http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udalak ekintza-programa bat jarri du abian Gasteizko gazteei indarkeria matxistaren aurkako prebentzioan laguntzeko

Lantegi esperimentalak, ikus-entzunezkoen lehiaketak eta topaketak osatzen dute erakundeek sustatutako Beldur Barik! estrategiaren barruko ekintzen agenda

I.AGOTE

Aurten, Berdintasun Zerbitzuak eta Gazteria Zerbitzuak koordinatu dute Gasteizko gazteei indarkeria matxistaren aurkako prebentzioan laguntzeko eta haiekin batera lantzeko ekintza-programa. Hain zuzen ere, Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek eta Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak aurkeztu dute gaur goizean programazioa.

Gasteizko Udalak urteak daramatza Beldur Barik esparruaren barruan lan egiten eta gazteen artean indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzio-estrategia bat garatzen, Beldur Barik Jarrera filosofiaren bitartez.

“Jarrera eta portaera sexistak eraldatzeko erreferentziazko espazio positiboa sortzea da helburua, kultura matxista urratzen duten ekimenak eta pertsonak ezagutaraziz. Kultura matxistaren eta horrek sorrarazten dituen indarkerien aurrean jarrera kritiko eta erantzunkidea sustatu nahi dugu, jarrera urratzailea eta positiboa duten gazteak nabarmenduz. Neska-mutilek begirunean, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren arbuio irmoan oinarritutako jarrerekin desberdintasunei nola egiten dieten aurre erakusten duten adierazpenak sarituz” azaldu du Berdintasun zinegotzi Jaione Aguirrek.

Berriro ere, Gasteizen Beldur Barik programaren beste edizio bat egingo da aurten. Indarkeria sexistaren prebentzioa helburutzat duen programa 2009an sortu zen, berdintasunaren aldeko euskal udalerriek osatzen duten Berdinsarearen barruan. Emakundek antolatzen du programa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundien eta EUDELen babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zein Enplegu eta Gizarte Politiken Saileko Gazteria Zuzendaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EITBren laguntzarekin.

Udaleko Berdintasun eta Gazteria zerbitzuek programazio hau antolatu dute aurten:

Ikus-entzunezkoen lehiaketa

Gazteek egunero bizi dituzten indarkeria eta matxismo egoerez hausnartzea da lehiaketaren xedea, egoera horien aurrean jarrera apurtzailea erakutsiz. Ikus-entzunezko lanak aurkezteko epea azaroaren 13an bukatuko da; horretarako, www.beldurbarik.org orrian dagoen formularioa erabili behar da.

Lantegi esperimentala

Azaroaren 3an, lantegi esperimentala egingo da Artium museoan: “parte-hartzaileek entzuten eta dantzatzen dugun musikari buruz hausnartu ahalko dute, baita zerbait propioa sortu eta grabatu ere, lehiaketara aurkezteko. Aniztasuna, ahalduntzea, arau estetikoekiko haustura, genero estereotipoekiko haustura landuko dira“, nabarmendu du Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak.

“Guztiok inplikatu behar dugu, eta indarkeria matxistari buruz sakon hausnartu, gure hirian, gure kale eta etxeetan jokabide matxistarik izan ez dadin. Berebiziko garrantzia du guztiok konpromisoa eta paper aktiboa izatea gizarte bidezko eta berdintasunezkoago baterantz aurrera egiteko proiektuan. Baina ezin dugu ahaztu zeregin honetan gizonon konpromisoa ere funtsezkoa dela. Izan ere, emakumeen ahalduntzearekin batera, formulak eta eremuak artikulatu behar dira maskulinitate eredu tradizionala espazio publikoan zein pribatuan zalantzan jartzen duten gizonen kopurua handitzeko, gure adina edozein delarik“, azpimarratu du Prusillak.

Lantegiak hiru ordu iraungo du, eta bi saio egingo dira: lehena, 17:00etan, 12-17 urte bitartekoentzat; bigarrena, 18:30ean, 18-26 urte bitartekoentzat. Euskaraz nahiz gazteleraz emango lantegia.

Izena emateko, mezu bat bidali behar da beldurbarikvg@gmail.com helbidera edo 688 741 891 whatsappera, zein saio eta hizkuntza aukeratzen den zehaztuta.

Azkenik, azaroaren 24an, 18:30ean, irabazi duten lanak ezagutaraziko dira, aurtengo programazioan parte hartu duten gazte guztien topaketa handian, Aldabeko gizarte etxean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos