http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Udal langileriaren aldibatekotasun-tasa murrizteko hainbat LEP egingo direla iragarri du Urtaran alkateak

SERGIO EGUÍA

Zerbitzuak sendotu eta udal langileriari egonkortasun handiagoa emate aldera, hainbat prozesu onetsi ditu Gobernu Batzarrak, 2016an egin zen Udaltzaingorako LEParen ildo beretik. Eta luzatu egingo da prozesu hori hurrengo urteetan, helburu argi batekin: aldibatekotasuna % 10etik behera jaistea, hiru urtean. Hala iragarri du Gorka Urtaran alkateak, zeinek, Herritarren Segurtasunaren Arloko zinegotzi Carlos Zapaterorekin batera, jakinarazi baitu Tokiko Gobernu Batzarrak 15 suhiltzaile-lanpostu —eskala operatibokoak— eta 5 inspektoreorde-lanpostu —eskala teknikokoak— betetzeko deialdia onartu duela, “funtsezko zerbitzu publiko hori indartzeko, suak itzaltzeko eta larrialdietan esku-hartzeko zerbitzuko profesionalen egitura finkoa sendotuz”.

Gainera, lehen agente kategoriarako sustapena ere onartu da —oinarrizko eskalako agenteentzako deialdia—, “hautatze-prozesua gainditzen dutenei aukera emango baitie ibilbide profesionalari ekiteko, kategoriaz igoz, eta polizia-kidegoa beharrezko duen aginte-egituraz hornituko baitu, segurtasun publikoaren arloan zerbitzu egokia emateko”, alkateak azpimarratu duenez.

Udal enplegu publikoan albibatekotasuna murrizko erronkari erantzun nahi dio Funtzio Publikoaren Arloak. Gaur egun, udal enplegatu publikoen % 38k aldi baterako lotura dute administrazioarekin.

Hauxe da planteamendua: hainbat LEP egitea, hurrenez hurren, hurrengo hiru urteetan, aldibatekotasuna murrizteko, beti ere aurrekontuen legeetan ezartzen diren urteko berritze-tasak errespetatuz.

urte honetan, suhiltzaile eta inspektoreordeen LEPaz gain —eta Udaltzaingoan egiten ari denaz gain—, bi mugarri garrantzitsu jarriko dira.

Lanpostu-zerrendaren aldakuntza onetsi da gaur, eta A eta B taldeetako karrerako funtzionarioentzako hornikuntza-prozesurako deialdia egitea. Bete gabe dauden lanpostuen ia % 80 aterako dira deialdian, A eta B taldeetako karrerako funtzionarioek lanpostu horiek okupatzerik izan dezaten, eta hartara ibilbide profesionalerako duten eskubidea gauzatzerik. Zerbitzu-buru eta ardura handiko lanpostu ia guztiei egonkortasuna ematea ahalbidetuko du prozesuak, udal arlo guztietan.

Hornikuntza-prozesu hori burutu ondoren, bete gabe geratzen diren lanpostuak A eta B taldeetarako LEP deialdira bilduko dira —urtea bukatu baino lehen egin nahi du deialdi hori gobernuak—. 2017ko LEPak 250 lanpostu hartzea aurreikusten da.

2018an, berriz, C, D eta E taldeetako lanpostuetarako hornikuntza-prozesua jarriko da abian. Eta ondoren etorriko da talde horietarako LEP egitea. 2017 eta 2018rako azaldu direnen antzeko prozesuak bideratuko dira 2019 eta 2020an. Hornikuntza-prozesu eta LEP horiek bukatzean, % 10etik behera egongo da Udaleko aldibatekotasuna.

Adierazitako LEPen prozesu horien parez pare, barne-sustapenerako erreserbatuko ditu administrazioak hainbat lanpostu, baita Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren laugarren xedapen iragankorrean jasotzen den aldi baterako enplegua finkatzeko prozesuetarako ere.

Herritarrei zerbitzu hobea ematea

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapaterok, bere aldetik, azaldu du gaur onetsitako prozesuek, “enplegua sortzeaz gain, udaltzainek eta suhiltzaileek beren eguneroko lanari aurre egiteko duten gaitasuna areagotuko dutela, eta, horrenbestez, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko aukera emango, hori izaki helburu nagusia”.

Zehazki, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko suhiltzaile espezialistentzako 15 lanpostu betetzeko lan-eskaintza publikoa onartu du Udalak —azpieskala operatiboa, C2 (D) taldeko suhiltzaile kategoriakoak (titulazioa: 200; 2. hizkuntza-eskakizuna, hamabi derrigortasun-datarik gabe eta beste biak, aldiz, derrigortasun-datarekin)—. Horrez gain, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko inspektoreordeentzako 5 lanpostu betetzeko lan-eskaintza publikoa onartu da —A2 (B) taldekoak (titulazioa: 520; 3. hizkuntza-eskakizuna, hiru derrigortasun-datarik gabe eta beste biak, aldiz, derrigortasun-datarekin)—.

Bestalde, lehen agenteen zazpi lanpostutarako barne-sustapena onetsi du Gobernu Batzarrak —Udaltzaingoko oinarrizko eskala, 1. agenteen kategoria, C1 (C) taldea (titulazioa: 300; 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-datarik gabe)—.

Fotos

Vídeos