http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udal gobernuak Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekiko hitzarmena onetsi du, hiria ardoaren hiri gisa promozionatzeko

Udal gobernuak Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekiko hitzarmena onetsi du, hiria ardoaren hiri gisa promozionatzeko

SERGIO EGUÍA

Tokiko Gobernu Batzarrak Vitoria-Gasteiz Wine City elkartearekiko lankidetza hitzarmena onetsi du, 2017an hiria ardoaren hiri gisa promozionatzeko jarduerak egin ditzan. Udalak 20.000 euro jarriko ditu tokiko ostalaritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta Arabako Errioxako kalitateko ardoaren eta Aiarako txakolinaren kultura sustatzeko dinamizazio eta zabalkunde jarduerak garatu daitezen.

Hitzarmenean aurreikusitako ekintzetako batzuk jaietan egingo dira. Izan ere, Udalaren laguntza ekonomikoari esker, Upelen Lasterketaren bigarren edizioa egingo da uztailaren 25ean; blusa eta nesken koadrilen lehiaketaz gain, ekitataldia egiten den inguruko ostalaritza establezimenduek lasterketari egokitutako eskaintza egingo dute.

Hitzarmenean aurreikusitako ekimen berrien arteko bat kupelekin lotuta dago, halaber. Ardoaraba feriaren hurrengo edizioan, Plaza Berriko arkuetako bat osorik kupelez estaliko da, eta leku enblematikoa bihurtuko da ekitaldi enogastronomikoan, hiriak Arabako Errioxako ardoei ematen dien laguntza erakusteko dekoratu deigarri eta fotogeniko bat baliatuko baita.

Jaietatik at, Wine City elkartearekiko hitzarmenean beste ekintza batzuk jaso dira, besteak beste, enologiaren arloko hainbat espezialitatetako profesionalentzako dastatzeak, eta “Kopa komunikatuak” zikloaren hirugarren edizioa, zeinean pertsonaia ospetsuek ardoaren munduarekin lotutako esperientziak azaltzen baitituzte.

Beste jarduera garrantzitsu eta berritzaile bat Gasteizko ostalaritzarako kalitate-sistema bat ezartzea da, Arabako kalitateko ardoen zerbitzua hobetzeko. Horretarako zenbait jarraibide emango dira bezeroari informazioa eta azalpenak nola eman, produktua nola erakutsi eta kontserbatu eta abar jakiteko, produktua kontsumitzeko esperientzia hobetze aldera.

“Hitzarmen honen balio nagusia da Gasteiz ardoaren hiri gisa sustatzearekin inplikatutako agente guztien ahaleginak batzeko ahalmena, gure ingurunean arreta ematen duten proposamenak garatzen baititu, herritarren artean harrera ona dutenak eta tokiko ostalaritza dinamizatzen laguntzen dutenak, eta halaxe egiaztatuko dugu upelen lasterketaren edizio berrian” adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Fotos

Vídeos