http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zurekin

Txurruk kirola euskaraz praktikatzen erakutsiko die gazteei

Ume batzuk, futbolean jokatzen./Fotolia
Ume batzuk, futbolean jokatzen. / Fotolia

Eusko Jaurlaritzak 'Euskal Kirolari' proiektua eramango du aurrera, kirol munduan gure hizkuntzaren erabilera sustatuz

IZASKUN MOYANO

Kirola egitea edota ikustea maite duen pertsona orok badaki Aritz Adurizek 'delantero' moduan jokatzen duela Athleticen, rugby-an puntua lortzeko 'ensayo' egin behar dela edota bizikletaren zati bat 'manillar' deitzen dela. Komatxo artean idatzitako hitzok askotan entzun daitezke. Baina ba al dakizue euskarazko izen zuzenak zeintzuk diren? Ba Egoitz Txurruka 'Txurru' irakasleak guzti hori eta gehiago erakutsiko digu Euskal Kirolari ekimenean.

Eusko Jaurlaritzak eta ICOMek elkarlanean sortutako proiektua da Euskal Kirolari. Gazteek heziketa fisikoan gure hizkuntza erabiltzeko xedez sortu dute. Egungo baliabideei esker teoria astuna alde batera utzi eta Youtubeko bideoen bidez kirol modalitate ezberdinak ikasteko aukera eskainiko dugu. Horrez gain, txisteak, anekdotak, probak, etab…- ekin gazteak ez dira batere aspertuko.

Egoitz Txurrukak, ETB 1n emititzen den 'El Conquistador' saioko parte hartzaile ohia, Irakaskuntzako ikasketak burutzen ditu Gasteizen. Beraz, Euskal Kirolari-n irakasle gisa lehendabiziko pausuak emateko abagune bikaina aurkitu du. Baina Gaztea Box-eko esatariak gonbidatu bereziak izango ditu Youtubera igoko dituen azalpen bideoetan. Izan ere, diziplina ezberdinen inguruan mintzatzeko Mikel Landa txirrindularia, Aritz Aranburu surflaria, Kepa Arrizabalaga futbolaria edota Nerea Perez arraunlaria izango ditu aldamenean.

Aurretik aipatu bezala, klaseok ez dira astunak izango. Izan ere, ohiko eskola dinamika alde batera utzi eta giro atseginean kirola euskaraz egitea izango da asmo nagusia. Mallabiarrak adierazi duen bezala «ez dut txaparik emango, joko eta txantxaz betetako bideo didaktikoak grabatu ditugu». Landak, txirrinduaren zatiak erakutsiko ditu, Nereak Kontxa irabaztearen esperientzia partekatuko du, Aritz Aranburu eta Matxalen Ziarsolok 'Patata kiskalia' jokoan arituko dira norgehiagoka, eta Arrizabalaga eta Iñigo Martinezek Athletic eta Realeko entrenamenduetan bizitzen dituzten anekdotak kontatuko dituzte.

Arrizabalaga atezainak esan bezala, Iñaki Williams zuri-gorriari ‘Ontxarte’ hitza asko gustatu omen zitzaion eta egun hura erabiliz agurtzen ditu taldekideak. Segi ditzagun ba, bere pausuak, euskararen partidan 22ra iritsi arte!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos