http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

TXAKURRAK MAITE ZITUEN GIZONA

Padura, kubatar idazlea, Azkuna Zentroan./
Padura, kubatar idazlea, Azkuna Zentroan.
ROBERTO MOSO

Leonardo Padura kubatar idazlea Azkuna zentroan izan da. 'El hombre que amaba a los perros', azken bolada honetan gehien gustatu zaizkidan eleberrietako baten autorea. Goizean, irratian berarekin egin dut topo, Felix Linaresekin elkarrizketa bat egin baino lehenago. Tipo atsegina eta umoretsua iruditu zait. Nire miresmenaren berri eman diot. Sarrera guztiak salduta. Lagun batekin bertoko kafetegian geratu naiz eta hor ikusi dut berriro idazlea kafe bat hartzen. Aretoaren ateetara heltzean, espero ez nuen ilara luzea, gehienbat emakumez osaturik.

Aurkezle moduan, gustuko dudan beste idazle bat: Maria Eugenia Salaverri bilbotarra. Kubatarraren lehen abizenaren euskal jatorriaz hitz egin ondoren, Mario Conde -haren pertsonaiarik ezagunena, ez bankari ospetsua- eta haren abenturak nagusi dira hizketan. Gero, nola ez, Kubako egoerak hartzen du protagonismo. Hor gertatzen dena ulertzeko -diosku- hor bizi behar da luzaroan; ezinezkoa da kanpotik haien izaerari buruzko sakoneko ulermena izatea. Nolatan hasi zinen zu idazten? Padurak erantzuten duen heinean Maria Eugeniaren harridura aurpegieran marrazten doa. «Hasieran nik beisbol jokalaria izan nahi nuen. Jokalari kaskarra nintzela oharturik, kazetaria izan nahi nuen, beisbol partiden berri ematearren. Baina nire herrian den-dena planifikatu egiten da. Kazetari kopurua osatuta zegoenez, ezin zen ikasle gehiagorik izan. Orduan antzerako zerbait ikasteko, Literatura fakultatean sartu nintzen. Nire lehiatzeko joera esparru horretara desbideratu nuen eta ahalik eta idazlerik onena izaten saiatu nintzen...».

Maria Eugeniari harrigarria iruditu omen zaio. Duen harridura barre artean ospatzen da, bai idazle, bai publiko aldetik.

Galderen txandan, nola ez, politikak hartzen du lekukoa. Zergatik ez zuen inolako salaketarik egin Príncipe de Asturias saria hartzerakoan? «Hori nire bizitzako egunik zoriontsuenetariko bat zen eta ez nuen politikarekin zikindu nahi. Idazteko ofizioa aldarrikatu nuen, hori zen eta, barrutik sentitzen nuena». Izan al duzu inoiz Kubatik alde egiteko gogorik? Laurogeita hamarreko hamarkadan guztioi burutik pasa zitzaigun -agian Castro eta bere anaiari salbu-. Garai hartan uhartean ez zegoen ezer. La Habanako zoologikoan kartelak aldatuz zihoazen. Hasieran, munduko zoo guztietan bezala, irakur zitekeen hau: «Animaliak ez elikatu», gero aldatu zituzten: «Animalien jana ez lapurtu» eta azkeneko afixetan leloa hau zen: «Ez lapurtu animaliak». Erdiko parkean hamaika ahate zeuden. Lapurretak zirela eta, bat bakarrik geratu zen eta denok ‘Ahate Ninja’ izenarekin bataiatu genuen».

Kalakaren azken txanpan nire liburu kuttunaz jardun zuen: «Gezurra dirudien arren Trotsky ez da batere ezaguna Kuban. Stalinek etsairik nagusitzat hartu zuenetik, haren irudia 1917ko iraultzaren argazki guztietatik ezabatu zuenetik -horregatik 'photoshoparen' asmatzailea dela esaten da- herrialde sozialistetan ez genuen horren berririk izaten. Baina egun batean haren hiltzailea, Ramón Mercader, nire zonaldetik ibilia zela ohartu nintzen, erbestean zegoenean. Historiaren zati bat, ni ibilitako bide beretik pasatu omen zen. Horrek liburua idaztera bultzatu ninduen...».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos