http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

NI, TURISTA

Egia esan, turismoa presente egon da literaturan aspalditik

TXANI RODRÍGUEZ

1818an idatzi zuen Stendhalek (Stendhal sindromearena, bai) 'Turista baten oroitzapenak', baina, egia esan, turismoa presente egon da literaturan aspalditik. Kixotea bera lur barruko turista izan zen, xendazaletasunean eta ekitazioan aitzindari. Gaur egun ere turismoa hainbat libururen abiapuntua da. Geure inguruan, esaterako, adibide anitz daude: Juan Carlos Márquezek 'Resort' nobela argitaratu du orain dela gutxi; Harkaitz Canok 'Beti oporretan' kaleratu zuen, eta Jon Bilbaok, 'Estromboli' ipuin liburua. Hirurek dute Euskadi Literatura Saria, bai eta turismo fenomenoan interesa. Baina, literaturaz aparte, aurten turismoari buruz inoiz baino gehiago mintzatu gara.

Aurten, 'turistifikazio' eta 'gentrifikazio' hitzak ezpainetan izan ditugu behin eta berriro. Urakan horren epizentroan Bartzelona dugu baina Lisboan, Madrilen, Malagan edo Donostian ere kezka bihurtu da masifikazio hori. Hiriko erdigunetan bizi direnek etxebizitzen prezioak izugarri igo direla salatu dute. Turistei pisuak alokatzea irabazi handiak ematen dizkie etxebizitza horien jabeei. Egoera larria da, benetan.

Arazoak arazo, uztaileara ailegatu gara berriro eta martxan dago irteera operazioa. Gizaki kontzientzatuak izanda hartuko dugu errepidea, baina turistak bilakatuta helduko gara geure helmugetaraino. Errealitateari ispiluaren beste aldetik begiratuko diogu. Hirietan monumenturik ospetsuenak bisitatuko ditugu, hondartzen lehen-lehenengo lerroa hartzen saiatuko gara, eta, beno, Airbnb-ena ez dugu zertan kontatu hemen. Gehienok sistema horren kontran gaude, baina, aldi berean, plataformaren arrakasta itzela da: misterioa, beraz.

Tira, errepidean ez dugu gehiegi pentsatu behar, urte osoa daukagu geure dilema etikoak mastekatzeko. Hala eta guztiz ere, beti da interesgarria bestearen tokian jartzea arazo bati aurre egiteko. Uda heldu da, eta zutabe hau borobiltzeko Paulo Coelhoren esaldi hiper-hunkigarri bat erabiltzeko tentazioa gaindituz, oporrak ondo pasa ditzatzuen opa nahi dizuet. Besterik ez. Bueltan, geure burua zuritzeko aukera izango dugu.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos