http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

‘Trikiharria’ ekitaldiak iñaki Perurena eta Kepa Junkera batuko ditu

Iñaki Perurena eta Kepa Junkera./
Iñaki Perurena eta Kepa Junkera.

Gaur Bilbon egongo dira, Dock espazioan; bihar, berriz, Vitoria-Gasteizko Artium museoan, MondragonLinguaren TOPAKEtalk jardunaldien barruan

VIRGINIA ENEBRAL

Zer egiten dute elkarrekin harrijasotzaile batek eta trikitilari batek taula baten gainean? Erantzuna gaur bertan ezagutu ahalko da Bilbon; Vitoria-Gasteizen, ordea, bihar arte itxaron beharko da. ‘Trikiharria’ performancea da, baita hausnarketa ere. Eta bakarrizketa. Eta musika ikuskizuna. 41 urte harriarekin ibili eta gero, asko dauka Iñaki Perurenak harriaren inguruan esateko. Gaia bere osotasunean hartuta, karga autobiografiko handia duen isil-hizketa prestatu du eta, Kepa Junkerarekin batera, ekitaldi paregabea eskainiko dute.

Hortaz, ahozko hausnarketa eta zuzeneko musika bateratzen dituen ikuskaria da. Bertan Leitzako harri-jasotzaileak harriaren inguruko zenbait kontu botako ditu euskaraz. Bederatzi atal laburretan banadurik, hainbat anekdota eta oroimen ekarriko ditu gogora, haurtzarotik harrijasotzaile-lanbidea utzi behar izan zuen arte. Elementu gogor eta latz honek euskal kulturan eta hizkuntzan duen presentziaz ere mintzatuko zaigu. Gainera, berak sortutako bertsoak kantatuko ditu.

Kepa Junkerak saio honetarako bereziki konposatutako doinu berriekin eta kanta herrikoiekin tartekatuko da bakarrizketa. Trikitixa jotzeaz gain, Bilboko trikitilariak harrizko txalaparta bat eta beste tresna tradizional batzuk ere erabiliko ditu.

Ikuskizuna pasa den 25ean lehenengo aldiz egin zen Donostian eta MondragonLinguak antolatutako TOPAKEtalk izeneko zikloaren barruan kokatzen da. Bertan, ikuspegi emozional batetik jorratuko da sormen artistikoaren eta hizkuntzen arteko komunikazioa. 19:00etatik aurrera, Bilboko Uribitarte Pasalekuko 3an kokatuta dagoen Dock espazioan egongo dira bi protagonistak. Bihar ordu berberean, Gasteizko Artium Museoa agertoki bihurtuko da. Performancea ikusteko sarrerak doan egongo dira tokia bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da MondragonLingua zentroetan edo www.mondragonlingua.com webgunean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos