http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Triangeluaren aldeak

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

'Hirutter' izenburuarekin argitaratu den idazlanean hiru pertsonaiek hartzen dute narratzailearen papera txandaka, elkar osatuz doazen istorioak plazaratzen dituztelarik

JAVIER ROJO

Nerea Arrien idazle berria ez bada ere, eta gure estandarren arabera idazle gaztetzat ezin hartu badaiteke ere, 'Hirutter' izenburuarekin argitaratu den idazlana da bere lehenengo nobela. Egileak lehenengo momentuan moderno agertu nahi du liburu honetan, gaurkoa alegia, ia-ia 'millenian', hitz honek zerbait esan nahi badu. Baina hori azaleko itxura da. Eleberri honetan hiru pertsonaiek osatzen duten hirukotearen bilakaera kontatzen da (bat emakumezkoa da, Ines; beste biak, gizonezkoak, Martin eta Gari). Kontaera aurrera eramateko, hiru pertsonaiek hartzen dute narratzailearen papera txandaka, elkar osatuz doazen istorioak plazaratzen dituztelarik. Jakina denez, giza harremanei dagokienez triangelua oso figura geometriko desorekatua da, edozein momentutan desegitekotan baitago. Eta halaxe gertatzen da hemen. Inesek bi gizonezkoekin ditu harremanak, eta bi gizenezkoek, aspaldidanik itxuraz adiskideak izanik triangeluan bakoitzak betetzen duen lekuaren jakitun, arazoak dituzte harreman hori orekarekin mantentzeko. Beste hitzetan esanda, bi gizonezkoen artean gorroto moduko bat sortzen da. René Girardek aspaldian argitu zuen desioaren atzean ezkutatzen den errealitate triangeluarra, eta, beraz, halako harreman batean sortzen diren erlazioak miresmen eta gorrotoaren artean mugitu ohi dira. Triangeluaren erpinean Ines dago, eta bera da nolabait harremanen lema eskuan duena, besteak honen erabakien arabera mugitzen dira-eta.

Idazleak moderno agertu nahi du, eta horretarako harremanetan sare sozialek duten partea azaltzen ere saiatzen da. Pertsonaiek sare sozialak erabiltzen dituzte harremanaren berri emateko, eta honek ezinbestean desoreka gehiago ekartzen dio berez nahiko desorekatuta dagoen harremanari, sare sozialen bidez sortzen den errealitate paralelo eta birtual horretan harremana publiko bihurtzen baita.

Iruditu zait nobela honetako pertsonaiek batzuetan joera handiegia dutela introspekziorako, beren burua psikoanalizatzen arituko balira bezala, eta argumentuaren bilakaera introspekzio hauen ondorioz ematen delarik, zenbaitetan gertakariek pixka bat behartuta daudela dirudite. Edonola ere, liburua interesgarria da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos