http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zurekin

TRATU GAIZTOAK

ARANTXA URRETABIZKAIA

Entzun berri ditut tratu gaiztoak jasotako emakume batzuen lekukotasunak eta oraindik ez zaizkit gorputz osoko ileak baretu. Kontatzen dute nola hasi zen kontua, nola, luzaroan, kanpotik ikusita jasangaitz iruditzen zaizkigun tratuak maitasun sendo baten froga iruditzen zitzaien.

Batek esaten du hamaika kontratu sinatu zuela senarrarekin urtetan. Ez zuela berriz libururik irakurriko; ez zela kalera aterako nora eta zertara zihoan adierazi gabe; nola haserretzen zen gizona kalean edonor, gizon nahiz emakume, agurtzen bazuen. Sinatzen zuen ez zuela berriz horrelakorik egingo. Iruditzen omen zitzaion senarrak maite zuelako gertatzen zela hori, antzeko jokaera bat ez zuen senarrak ez zuela emaztea benetan maite, halakoari ez zitzaiolako axola andreak zertan ematen zuen denbora.

Kontatzen du edalontzia bete zuen azken tanta gizonak hamaikagarren kontratua sinarazi zionean gertatu zela. Paperak omen zioen emazteak ez zuela gizona abandonatuko, ezta gizonak jipoitzen jarraitzen bazuen ere. Sinatu omen zuen kontratua eta gau hartan bertan, senarra lotan zegoela, hiru haurrak hartu eta ihes egin omen zuen etxetik. Hamar urte eta hiru haur ezkondu zenetik.

Hori kontatzen duen emakumeak ez ditu berrogei urte eta ez darama burua zapi batez estalia, ez du burka-rik janzten. Ez dago Arabian ez Afganistanen, zure etxetik hurbil dagoen hirian bizi da, agian zure ondoan eseri da autobusean edo ilara berean egon zarete biok banketxean.

Eta zaila egiten zaizu gertatutakoa ulertzea. Pentsatzen duzu sinatu zuen lehen itunak izan zezakeela maitasun arrastoren bat, etor zitekeela musuz inguratua. Noiz desagertzen dira, ordea, maitasun aztarna horiek? Hirugarren kontratua sinatzerakoan, hamaikagarrenean? Nola ez zuen emakume horrek tranpa ikusi?

Emakume hori unibertsitatean ikasle zen ezkondu aurretik. Ez duzu ulertzen nola ez zuen lehenagotik ihes egin. Ez duzu ulertzen, baina ahal duzun babes guztia eskaintzen diozu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos