http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Trafiko-eragiketak, San Ignazio Loiolakoaren kaleko obrengatik

Lanen fase hori bi hilabetez luzatuko dela aurreikusten du Udalak

I.AGOTE

Datorren astelehenean, urtarrilak 8, ekingo dio Udalak San Ignazio Loiolakoaren kalearen inguruko obren hurrengo etapari. Zehazki, Arriagako atean barrena joango den saneamendu-kolektorea egiten hasiko dira, Errege-Erregina Katolikoen kaletik Santo Domingo plazara bitartean. Errege-Erregina Katolikoen kalearen eta Arriagako atearen arteko bidegurutzetik hasiko dira lan horiek, eta hegoaldera egingo, Santo Domingo plazan bukatzeko.

Hiru metroko sakoneran egingo da kolektorea, galtzadaren erditik, eta, beraz, nabarmenki eragingo diote lan horiek Arriagako atean eta Errege-Erregina Katolikoen kalean barrena doan trafikoari. Lanen fase hori bi hilabetez luzatuko dela aurreikusten du Udalak. Denbora horretan, Arriagako atean zirkulazio-bide bakarra izango da, noranzko bakoitzean. Gainera, obraren lehenengo egunetan Errege-Erregina Katolikoen kalearen zabalera ere murriztuko da, eta bi zirkulazio-bide bakarrik izango ditu, gertueneko saneamendu-ganberarekin lotura egin beharra baitago.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Herritarren Segurtasunaren Sailak, baita TUVISAk eta AMVISAk ere, modu koordinatuan dihardute lanean, ahalik eta gehien murrizteko esku-hartze horrek herritarrei eragin diezazkiekeen eragozpenak. Horretarako, kartelak jarriko dira zirkulaziorako bide alternatiboak adierazteko. Eta TUVISAk Arriagako atean eta Errege-Erregina Katolikoen kalean dituen geltokiak lekuz aldatuko dira, eta behin behineko geltokiak metro batzuk aurrerago jarriko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos