http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Toloto errekaren goraldien uholdeetatik Elorrio babesteko hitzarmena

1,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da, hiru urtetan banatua

ELCORREO.COM

URA Uraren Euskal Agentziak eta Elorrioko Udala lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, Bizkaiko udalerria Toloto errekaren goraldiek eragindako uholdeetatik babesteko helburuarekin. Horrela, errekak gaur egun duen estalduraren zati bat kenduko da, sekzioa handituko da eta bi ertzak lotuko dituen zubi berria eraikiko da. URAk 1,2 milioi euro bideratuko ditu lanotara.

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak eta Ernesto Martinez de Cabredo URA agentziaren zuzendari nagusiak atzo izenpetu zuten bi aldeen arteko hitzarmena, Elorrioko udaletxean egindako ekitaldian. Modu honetan, akordioaren arabera, Uraren Euskal Agentziak bere gain hartuko ditu proiektuaren gainbegiratzea, lizitazioa, egikaritzea eta lan zuzendaritza, bai eta finantziazioa ere. Guztira, 1,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da, hiru urtetan banatua (2018-2020).

Bestalde, Elorrio Udalak konpromisoa hartu du Toloto errekak hirigunean egiten duten bidea egokituko duen proiektua prestatzeko, URArekin elkarlanean, lanak egiteko lurrak agentziaren esku uzteko eta, behin lanak amaituta, egokitutako erreka eremu horren mantentze egokia egiteko.

Elorrioko alkateak adierazi duenez, «hitzarmena bi erakundeen arteko lankidetza irmoak lortu du, Elorrioko alde zaharrean ur goraldien erasanak hein handi batean saihesteko». Halaber, ziurtatu du hitzarmenak abiaraziko dituen lanok «etorkizunean bestelako proiektuak» ere egitea ahalbidetuko dutela, «hirigunetik ibilgailuen trafikoa murrizteko». «Funtsean, hitzarmen hau urrats oso nabarmena da etorkizuneko Elorrio elkarrekin eraikitzen jarraitzeko», gaineratu du.

Bestalde, URAren zuzendari nagusiak azaldu duenez, «Tolotok Elorrioko hirigunean egiten duen bidea estalita dago eta horrek uholde arrisku nabarmena sortzen du; hain zuzen ere, hitzarmen honen bitartez ahaleginak batu nahi dira estaldura horren zati bat kentzeko, ibilgua zabaltzeko ur goraldietan ibilgu horrek emari handiak hartzeko duen ahalmena handitze aldera, pertsonen segurtasuna handitzeko arrisku natural eta errepikakor horren aurrean eta bi ertzak lotuko dituen zubia eraikitzeko, Toloto errekaren sekzio berrira moldatuz».

Elorrioko hiriguneko zati bat Kantauri Ekialdeko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak zehaztutako Uholde Arrisku Handiko eremuen artean dago. Hitzarmenean jasotako neurriek Elorriok duen arrisku hori nabarmen murriztea ahalbidetuko dute. Hala ere, URAk gogoratu du ezingo dela zero arriskurik bermatu iraganean okupatu diren uholde arriskudun eremuetan.

Temas

Elorrio

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos