http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Terrorismoaren Biktimen Zentroaren inguruneko lanen %50 finantzatzeko eskatu dio alkateak gobernu zentralari

Barneko ministroak eraberritzeko proiektuaren xehetasunak ezagutzeko interesa adierazi du

I.AGOTE

Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren inguruneko lanen % 50 finantzatzeko eskatu dio Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gobernu zentralari; Espainiako Bankua izandakoaren eraikinean jarritako zentroa ziur aski aurten irekiko da. Barneko ministro Juan Ignacio Zoidok eraberritzeko proiektuaren xehetasunak zuzenean ezagutzeko interesa adierazi du; oinezkoentzako eta zentroaren beraren jardueretarako lekua irabaziko litzateke horrela.

Ministroarekin eta Gobernuaren EAEko ordezkari Javier de Andrésekin batera bisitatu du Gorka Urtaranek eraikina. Oroitzapenezko zentroaren ezaugarriei eta barne-banaketari buruzko azalpenak entzun ondoren, alkateak eraikina inguratzen duten kaleen egoera azaldu dio Zoidori, eta eraberritutakoan inguruak izango lukeen itxura jasotzen duten planoak eta infografiak erakutsi dizkio.

Gorka Urtaranek gobernu zentralaren laguntza ekonomikoa eskatu du, eraberritzeko lanek ingurua duintzen eta biziberritzen lagunduko baitute, eta herritarrek hobeto aprobetxatu ahalko baitute. “Espazio publikoa hobetzeko esku hartu nahi dugu, erdialdeko oinezkoen alderdiari jarraipena eman eta herritarrentzat askoz atseginagoa izan dadin; gainera, Oroitzapenezko Zentroak kanpoaldean jarduerak antolatzeko ere erabil lezake”, azaldu dio ministroari.

Proiektua hirigunea biziberritzeko ‘Erdialdeko Masterplana’ deritzonaren barruan sartzen da, eta zenbait berrikuntza aurreikusten ditu: San Frantzisko aldapa oinezkoentzako bihurtzea Arkupeen zatian, Postetxearen atzealdean plaza bat sortzea, eta Errege atetik eta San Frantzisko kaletik Olagibel kalerantz doan trafikoa Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren atzealdearen artean sortzekoa den bide berri batetik desbideratzea, besteak beste.

Joan den ekainaren 21ean, alkatea Barne Ministerioan izan zen, hura baita Oroitzazpenezko Zentroaren arduraduna, eta Udalak eraikina inguratzen duten kaleak eraberritzeko landutako planak azaldu zizkion Juan Ignacio Zoidori; kostua —5,6 milioi euro hiru faseetarako— ordaintzeko laguntza ekonomikoa ere eskatu zion. Urtaranen gobernuak proposatzen du proiektuaren % 50 gobernu zentralak ordain dezan, eta beste erdia, euskal erakundeek. Aurretik ere, 2017ko martxoaren 9an, joana zen Madrilera Barne Ministerioko idazkariorde Luis Aguilera Ruizekin eta Oroitzapenezko Zentroaren zuzendari Florencio Domínguezekin biltzera, arrazoia bera dela eta.

Ministerioak beti jarrera ona azaldu du. “Ministroak interesa dauka, eta proposamena begi onez ikusten du; espero dezagun datozen hilabeteetan Madrileko gobernuaren ekarpen bat jaso ahal izatea, proiektua oso interesgarria baita hiriarentzat”, azaldu du alkateak.

Lehen fasean, zeinak 2,3 milioi euroko aurrekontua baitu, trafikoa desbideratu eta Oroitzapenezko Zentroaren inguruan oinezkoentzako esparrua sortuko da. Gerorako beste bi fase aurreikusi dira.

Bestetik, Gorka Urtaranek berretsi du oso pozik dagoela Oroitzapenezko Zentroa Gasteizen jartzeagatik, “hiri hau biktima guztiekin dagoelako”.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos