http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Tartalo, Akerbeltz eta Jentilek omenaldia eskainiko diote Joxe Miel Barandiarani

Joxe Miel Barandiaran./
Joxe Miel Barandiaran.

Euskal kondaira mitologikoak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko lan handia burutu zuen apaizak

IZASKUN MOYANO

Mari dama, lamiak, mairuak, iratxoak, sorginak, Basajaun, galtzagorriak, Tartalo, Akerbeltz, Jentilak… asko dira antzinatik baserrietan kontatzen ziren istorioek protagonistatzat zituzten pertsonaia mitologikoak. Lehen ahoz kontatzen ziren arren, egun liburuetan ere batzen dira, zorionez. Honen 'errudun' da Joxe Miel Barandiaran euskalzalea. Berak urteetan zehar gogor borrokatu zen kondairok ez galtzeko asmoz.

Hori dela eta, aste honetan zehar omenaldia jasoko du bere jaioterria izan zen Ataunen (Gipuzkoa). Apaizaren izena daraman museoan adin ezberdinei zuzendutako ekintzak antolatuko dira. Beste batzuen artean, umeentzako tailerrak, antzerkia eta Toti Martinez de Lecea idazleak eskainiko duen hitzaldia ere.

Barandiaranek ordu asko eman zituen inguruko baserrietako aitona-amonei entzundako kondairak batzen, etorkizuneko umeei kontatzeko asmoz. Ahozkotasuna paperera eraman eta mitologiari euskarri iraunkorra eman zion. Zoritxarrez, euskaraz hitz egiteko debekuak eta gerrak kondairon bizirautea arriskuan jarri zuten. Hori dela eta, Ataungo herriak Jose Miel Barandiarani merezi duen omenaldia eskaini nahi dio.

«Gure egin beharra istoriook kontatzea da, gure arbasoak nola bizi ziren ezagutarazteko», adierazi du Maitane Aizpurua Jentilbaratza elkarteko kideak. Izan ere, Jentilbaratza, Gipuzkoako Parketxe Sarea eta Barandiaran Museoak antolatutako ekintza da aste honetan ospatuko den 'Mitoaldia'. Nolabait esateko «mitologiarekin daukaten zorra kitatzeko xedez» antolatu dute ekimena.

Euskal antropologo eta etnografoa famatuenak mitologiari buruzko libururen bat edo beste idatzi zituen. Beste batzuen artean, Eusko Mitologia (1924) eta Mitologia Vasca (1960). Nolanahi ere, Barandiaranen lan handiena historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanek osatua da, nabarmentzekoak direlarik horien artean Santimamiñe, Aitzbitarte, Lezetxiki, Ermitia, Jentiletxea, Lumentxa, Urtiaga, Altxerri eta Ekain haitzuloei dagozkienak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos