http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Sopelak hondartzetan hondakinak murrizteko kanpaina abiarazi du

Helburua hondartzetan sor daitezkeen hondakinak prebenitzea eta birziklapena sustatzea da

S. CANTERA

Udan hondartzak gainezka topatzen ditugu. Izan ere, urtero irudi berdina ikusten dugu. Guztiok bainujantzia hartu eta kostaldera jotzen dugu abagunea dugun bakoitzean. Askotan bertan bazkaldu edo afaltzen dugu, edo izozkiren bat jaten dugu beroari aurre egiteko itxaropenarekin. Baina, tamalez, askotan errepikatzen ez den joera bat ere badago. Guztiek jasotzen dituzte egunean zehar sortutako hondakinak?

Sarritan zigarro-mutxikinak, paperak, plastikozko ontziak, latak... harean topatzen ditugu. Hondakinak bertan behera uztea oso kaltegarria da. Hondartza zikin geratzeaz gain, ingurugiroa kutsatu egiten da. Beraz, gure kostaldea garbi eta egoera onean mantentzeko helburuarekin, Sopelako Udalak kanpainia berezia jarri du martxan uda honetan.

Sopelako Udalak bultzatutako sentsibilizazio ekimenak Bizkaiko herriko hondartzetan sor daitezkeen hondakinak prebenitzea eta birziklapena sustatzea du helburu. Aurten abuztuko hiru egunetan zehar egingo da, iaz baino bat gehiago.

Hondartzen garbitasuna guztion ardura dela kontuan izanik, ingurumen hezitzaileak Arrietara-Atxabiribil hondartzetan izango dira, erabiltzaileek ahalik eta hondakin gutxien sortzeak eta sortutakoa birziklatzeak duen garrantziaz informatzen.

Kantinplora tolesgarriak

Halaber, kanpaina baliagarria izango da erabiltzaileen ohiturak ezagutzeko eta gogoeta eragiteko. Gainera, 1.000 «kantinplora tolesgarri» banatuko dira hondartzara hurbildutako pertsonen artean edukiontzi horiaren erabilera sustatzeko.

Kanpainaren hitzorduak honako hauek izango dira: bihar, 15.00etatik 19.00etara, ostegunean, 11.00etatik 15.00etara eta ostiralean, 15.00etatik 19.00etara.

Fotos

Vídeos