http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

SAREri joan den urtean emandako laguntzen kontrako errekurtsoa ezetsi du epai batek

Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiaren 2017ko uztailaren 31ko 231/2017 epaiak, gainera, prozesu-kostuak ordaintzera kondenatu du Estatuko administrazio orokorra

SERGIO EGUÍA

Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiaren epai batek ezetsi egin du Gasteizko Udalak SAREri 4.500 euroko diru-laguntza emateko 2016an hartutako erabakiaren kontra Estatuko administrazio orokorrak aurkeztutako errekurtsoa.

2017ko uztailaren 31ko 231/2017 epaiak, gainera, prozesu-kostuak ordaintzera kondenatu du Estatuko administrazio orokorra.

Tokiko Gobernu Batzarrak bizikidetzaren eta aniztasunaren arloko proiektuak garatzeko laguntzak emateko deialdia ebatzi zueneko 2016ko irailaren 30eko erabakiaren kontra jo zuen Estatuko administrazio orokorrak, SARE elkarteari “Giza eskubideak/Konponbidea/Bakea” jardunaldiak antolatzeko laguntza bat eman zitzaiola eta.

Estatuaren abokatuak erabaki horren kontra jotzeko oinarritzat hartutako bost arrazoiak ezetsi ditu Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiaren epaiak.

Arrazoi hauek eman zituen Estatuko administrazio orokorrak Udalaren erabakia baliogabetzat jo zedin:

1.- Diru-laguntzen Lege Orokorraren 8. artikuluaren urraketa, aldez aurretik Diru-laguntzen Plan Estrategikorik ez zegoelako.

Epaian jasotzen denez, 2016ko martxoaren 4az geroztik zuen Udalak Diru-laguntzen Plan Estrategikoa.

2.- Diru-laguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren urraketa, onuraduna ez zegoelako diru-laguntzak jasotzeko gaituta.

Epaiak egiaztatzen du, deialdiaren oinarriak aintzat harturik, SARE elkarteak eskatzen zen dokumentazioa aurkeztu zuela.

3.- Diru-laguntzen Lege Orokorraren 19.3 artikuluaren urraketa, ez zegoelako jasota emandako diru-kopuruak ez zuela gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua.

SAREk eskatutako diru-kopurua 5.000 eurokoa izan zela berresten du epaiak. Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa 4.500 eurokoa izan zen. Zenbateko horiek biak diruz lagundutako jardueraren 7.250 euroko kostutik beherakoak dira.

4.- Diru-laguntzen Lege Orokorraren 34.4 eta 5 artikuluaren urraketa —kontura ordaintzea bidezko ez izatearen ingurukoa—.

Epaiak egiaztatzen du aldez aurreko ordainketa bat datorrela deialdiaren oinarriekin —horien kontra ez zen errekurtsorik aurkeztu— eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren 34.4 artikuluaren bigarren paragrafoan adierazten denarekin.

5.- Diru-laguntzen Lege Orokorraren 9. artikuluaren urraketa, aldez aurretik eskabidea egin gabe eta eskatu beharreko dokumentazioa eskatu gabe eman zitzaiolako diru-laguntza SARE elkarteari.

Epaian esaten da berariaz jasota dagoela elkarte onuradunak egindako eskabidea, eta deialdian eskatzen zen dokumentazioa aurkeztu zuela.

Horrenbestez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiaren epaiak erabat ezetsi du Estatuko administrazio orokorrak aurkeztutako errekurtsoa, eta prozesu judizialaren kostuak ordaintzera behartu du.

Fotos

Vídeos