http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

SAKELAKO ETSAIAK

SAKELAKO ETSAIAK
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Denok gara icebergak. Agerian erakusten duguna gure nortasunaren zati txiki bat besterik ez da. Familian, lagunartean edo bikotean, ezinbestean, urpean dagoen zenbait tarte ezagutzera ematen dugu, batzuetan nahita, beste batzuetan nahi gabe. Baina normalean denok guretzat gordeta mantendu nahi ditugun sentimenduak, nahiak, sekretuak izaten ditugu.

Gure sekretuen kopurua ere, gurekin batera hazten da, eta, askotan, guk geuk ez dakigu zenbaterainoko egia den hau.

Alex de la Iglesiaren ‘Perfectos Desconocidos’ filman -Italian egindako pelikula baten ‘remake’ dena- honen inguruko oso hausnarketa interesgarria egiten zaigu.

Lagun zaharren talde bat, horietako baten etxean geratzen da afaltzeko. Printzipioz, baldintzak ezin dira egokiagoak izan. Gehienak maila eta umore oneko bikoteak dira, beraien arteko harremana nahiko ontzat eman daiteke eta anfitrioien etxea terraza ederra duen Madrilgo atiko dotore batean kokatua dago. Bertatik, ilargi-eklipse mota arraro bat ikusteko aukera izango dute: «ilargi gorria».

Gozamenerako oinarri guztiak dauzkan gaua, norbaitek proposatzen duen ideia baten erruz pikutara joango da. «Sakelako guztiak mahai gainean ipiniko eta jasotako deiak guztion aurrean erantzungo ditugu». Erronka ez da denon gustukoa, baina erdi txantxetan proposatutako jokoari uko egiteak nabarmen utziko zaitu. Jarraian datorrena, pantaila handian aspaldiko partez gehien disfrutarazi nauen lana izan da. Lehen mailako aktore sorta bat gidoi bikain bati bizia emanez. Beldur barik gomendatzeko modukoa.

Argi eta garbi: gure ‘smart-phonak’, gure ‘telefono azkarrak’, gu baino adimentsuagoak dira. Edo agian, zein lerdo garen islatzen dute ederki.

Hor daude ia egunero prentsan: Bullying edo bortxaketa auzietan froga moduan erabiltzen diren irudiak, norbaitek bere delituak grabatu izan dituelako.

Berriki Frantzian, Bataclan aretoan izandako sasiko biktima bat azaldu, eta bi urteko kartzela zigorra betetzera kondenaturik izan da, bere sakelako GPSari esker, erasoko unean diskotekan ez zegoela frogatu izan baita. Eta zeinek ez du bere inguruan telefonoan utzitako aztarna salati batengatik banandu izan den bikoterik?

Denok STASI edo antzeko zerbitzu sekretu bat poltsikoan eramaten dugu alaitasunez, egunen batean gure kontrako arma bihurtu daitekeela erreparatu gabe. Azken finean -konbentzituta omen gaude- ez dugu gauza handirik ezkutatzeko.

Eta ez dira mugikorrak bakarrik. Ordenagailuan eta diru-zorroetan ditugun txartelen txipetan, egunez egun, guri buruzko informazioa pilatzen ari da, eta datu horiek guztiak, jakina, ez dira gurean geratzen. Behar izanez gero, norbaitek gure mugimenduak, gustuak, ohiturak, bidaiak, bizioak, erosketak eta abar zeintzuk diren jakin dezake, STASIk amestuko ere egingo ez lukeen moduan.

Denok nolabaiteko icebergak gara, bai. Edo uste horretan gaude. Gure nortasunaren zatirik handiena guretzat gordeta dugulakoan gaude.

Baina Edward Snowdenek argi eta garbi azaldu zigunez, teknologia berrien bidez, zenbait boterek, behar izanez gero, guk nahiko genukeen baino askoz gauza gehiago ezagutu ditzakete gutaz.

CIA agentziak-besteak beste- ondo baino hobeto baitaki: gutxien espero duzun iceberga Titanic hondoratzen duena bilaka daitekeela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos