http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Saioan parte hartzen duen jendeak eskaintzen dizkigun gosariak direla eta hiru kilo irabazi ditut»

Bihar gauean ETB 1n 'Herri txiki infernu handi' saioren denboraldi berria hasiko da eta gu Mikel Pagadirekin aritu gara solasean

Mikel Pagadi./EITB
Mikel Pagadi. / EITB
IZASKUN MOYANO

Hastapenetan Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleek ez zuten inondik inora ere imajinatuko 'Herri txiki infernu handi' saioaren seigarren denboraldia grabatuko zutenik. Betaurrekodunaren esanetan, programak ildo bera jarraituko du, baina oraingo honetan Pirinioetako alderantz joko dute eta urrutiko gune euskaldunak eta hango jendearen egunerokotasuna erakutsiko dizkigute.

Igande gauetan Euskal Herriko egongeletan jaun eta jabe dira gipuzkoarrak, haien saioak ikusle ugari batzen baititu telebista aurrean. Izan ere, lehendabizi, asko botata 1000 biztanleko herri txikietan grabatzen zituzten saioak. Baina arrakasta itzela dela medio kopuru hori igo eta herri handiagoetara jo behar izan dute, txokook bukatzen joan zaizkielako. Beraz, denboraldiz- denboraldi herriak baino, bailara berean dauden gune anitzetan grabatu izan dituzte saioak. Hala eta guztiz ere, hiriak plato izango dituen saio berezi bati erreferentzia urria egin dio Pagadik, ezin digu ezertxo ere aurreratu baina laster telebistan ikusteko abagunea izango omen dugu.

Oso ondo pasatzen dutela lanean esan digu Mikel Pagadik. Bere kidea den Zuhaitz Gurrutxaga eta gainontzeko taldearekin harreman oso ona garatu du eta horrek lana errazten omen dio. Horrez gain, jendeak «estimu handia» hartu die. Izan ere, beti etxera sartzen utzi eta jateko zerbait ateratzen die. «Saioa grabatzen hasi ginenetik hiru kilo loditu nintzen» gogoratzen du Pagadik algaraka. Egoera bakoitzean beti gosaltzera gonbidatzen bazituzten. Aipatzekoa da, noiz edo noiz herri ezberdinetatik deitu izan dietela haiengana noiz joango ziren galdetzera. «Gu herritarrengana beti errespetuz hurbiltzen gara, umorea egiteko asmoz», onartu du. Beraien kontura baino, beraiekin barre egitera doaz.

Herriz herri mota askotako jendearekin topo egin Mikel Pagadik. Gazte, nagusi, gizon zein emakumeek gogotsu hartzen dute saioan parte eta haien solasaldiak herriko frontoian burutzen duten ekitaldian ikusteaz batera barre handiak botatzen dituzte. Baionatik hasita, Arbizu aldera edota Mundaka zein Aretxabaletan euskalki eta hizkera ezberdinak entzun dituzte. Baina Pagadiren esanetan «zailagoa da niri ulertzea, herritarrei baino», aitortu du. Berak esan bezala, belarria ohitu egiten zaie eta aise moldatzen dira biztanleekin hitz egiterako orduan.

«Ez dut nire burua abokatu lanetan ikusten»

Mikel Pagadik diseinu grafiko eta publizitateko ikasketak burutu ostean, zuzenbidea ikasi zuen, beraz telebistara lanean kasualitatez sartu zen. Publizitate agentzia batean zegoela, Nagore Aranburu gidoilariarekin batera idazten hasi eta Wazemank edota Noaoa! saioetan hasi zen aktore lanetan. Baina Pagadik «ez dut inoiz telebistan lan egiteko asmorik izan».

Garai hartan hartutako erabakiaz ez da damutu gipuzkoarra, asko gustatzen baitzaio bere ofizioa. Dena den, berak esan bezala «umorezko programetan guztia ez da katxondeoa». Ikusleek tankera honetako saio burutzearen ideia okerra du, azken finean lana beti baita lana. Guztia ongi ateratzeko ahaleginetan Mikelek «oso milimetratua» dela onartu du.

Baina badirudi Pagadiren umorea telebistako kameretatik haratago joan eta sare sozialetara hedatzen dela. 'Bideoglub' izeneko bideo txikiak grabatu eta Youtubera igotzen ditu. Hala eta guztiz ere, Pagadik ez du hauen bidez arrakasta lortu nahi ezta 'influencer' delakoan bilakatu ere. Izan ere, hauen bidez, probak burutzen ditu gidoiren bat idatzi baino lehen ikusleen gustuak zeintzuk diren jakiteko. «Youtuben tutorial mexikarrak baino ez ditut ikusten», onartu du zintzo.

Etorkizunera begira, ez du plan jakinik baina «kotizatzen jarraitzea espero dut», adierazi du algaraka. Momentuz behintzat biharamunean pentsatuta pozik dago Pagadi, saioa grabatzen gustura lanean arituko delako eta parte hartzaileen gosari gozoak dastatzen jarraituko duelako. On egin, Mikel!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos