http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Sagartu' kale-antzerkia bihar, Gasteizen

'Sagartu' kale-antzerkia bihar, Gasteizen

Espainia Plazan izango da 12.30ean

PAUL PICADO

Bihar 'Sagartu' antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu Espainia Plazan 12.30etik aurrera. Hain zuzen Kaldearte Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren barruan antolatutako ikuskizuna dugu. Atzo hasi zen eta bihar amaituko den erakustaldi honetan hainbat ikuskizun egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz, edozein adinetako ikusleentzat. Antzerki nahiz dantza emanaldiak izango dira, eta kasu honetan biak bateratzen dituen emanaldia izango dugu Hika Teatroa konpainiaren eta Oinkari Dantza Taldearen eskutik.

Antzerkiaren izenburuari erreparatzen badiogu berehala jakingo dugu zeri buruzkoa izango den antzerkia: sagarraren ingurukoa hain zuzen. Sagarrak historian zehar izan dituen esanahiak adierazten saiatuko dira antzerkiaren eta dantzaren bidez. Zuzeneko musika ere izango da.

Horrela, sagar zerutiarra, sagar ustela eta sagar perfektua bereiziko dituzte. Sagar zerutiarra paradisuko garaietatik datorkigun sagarrarekin lotuta dagoen sagarra da, Evak eta Adanek hain zuzen hartu zutena. Sagar ustela, berriz, Edurne Zuri pozoitu eta ustez betiko lotan utzi zuena da, eta azkenik, sagar perfektua, Japoniakoa dugu, izan ere, eguzkitik babesteko aluminio-paperez biltzen dute sagar bakoitzak.

Beraz, esan bezala, sagarra izango dugu hizpide emanaldi honetan, eta hura erabiliko dute dantzatzeko, abesteko, dastatzeko eta jolasteko. Antzezleen artean Miren Gojenola ezagunak parte hartuko du, kasu honetan zuzendari laguntzaile gisa ere aritu dena. Umoreaz, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera paregabea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos