http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ruper Ordorika omentzeko zita, Kafe Antzokian

Ruper Ordorika, kontzertu batean./J. Andrade
Ruper Ordorika, kontzertu batean. / J. Andrade

Ken Zazpi, Petti eta Ixiar Oreja bezalako artistek Oñatiko musikari mitikoaren kanturik esanguratsuenak interpretatuko dituzte asteazkenean Loraldia festibalak antolatutako ikuskizun magikoan

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Loraldia Festibalak 'Dabilen harriari so, azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat' ikuskizuna aurkeztu zuen asteartean. Bertan azaldu zutenaren arabera, datorren asteazkenean, martxoaren 14an, interesdunek Ordorikaren abesti magikoen bertsioez gozatuko dute Bilboko Kafe Antzokian. Azken finean, belaunaldi bat baino gehiagoren bizitzaren soinu banda osatu duten kantuen bilduma, «Ruper Ordorikaren omenez» izango dela azpimarratu zuten ikuskizunaren prentsaurrekoan.

Aurkezpen honetan Aitor Narbaiza, Loraldia Festibaleko produkzio arduraduna; Javier Corral (Jerry), Izar&Star ekimeneko antolatzailea; eta Mikel Uraken musikaria izan ziren. Narbaizak azaldu zuenez, oraingoan euskal unibertso kulturalaren izen esanguratsuenetako batzuk igoko dira oholtzara; hala nola, Ken Zazpi; Petti, Balerdi Balerdirekin; Ixiar Oreja, ikuskizun honetarako bereziki kantagintzara itzuliko dena; eta, hauekin batera, euskal rock-a berriztatzen dauden artista gazteak, Mikel Uraken eta MICE, Miren Narbaiza.

Musikariez gain, Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien ere parte hartuko dute omenaldi berezi horretan. Antolatzaileek azpimarratu zuten «literatura arloko izar hauek, aurkezpen berezi baten bitartez, musikari honen unibertsoan murgilduko gaituztela».

Hortaz aparte, Zaindu maite duzun hori, Hamabostean behin, Ene begiek, Martin Larralde, Halako gau batez eta Hargiñenean bezalako kantuak, eta beste hainbat sorpresa izango dira omenaldian.

Euskaldun berria

Aitor Narbaizak azpimarratu zuen Ruper Ordorikaren omenez antolatutako ikuskizuna izango dela datorren asteazkenekoa, «artista honek sortu duen ondare handia, eta bizirik eta emankor dirauena, ospatzeko» balio izango duena.

Mikel Urakenek berak Ordorikaren kantu bi aukeratu dituela adierazi zuen. Euskaldun berria den musikari honek ekimen honetan parte hartzea ohore handia dela azpimarratu zuen; izan ere, bere bizitzan zehar hainbestetan entzun eta «abestutako kantuak publikoaren aurrean interpretatzeko aukera izateak Ruperreri omenaldia eskaintzea da». Gainera, oholtzara igoko diren artista guztien artean bera da gazteena eta aukera hau izatea «luxua» dela uste du.

Hortaz aparte, arduradunek gogorarazi zuten Izar&Star zikloak 8. edizioa bete duela aurten eta otsaila honetan 100 kontzertutako marka gainditu duela ere. Zazpi urte hauetan mundu mailako musikariei omenaldia eskaini dizkiete beste hainbat euskal musikariek. Horietako batzuk, gainera, euskaraz.

Javier Corralek, Jerryk, aditzera eman zuenez, ekimen honen helburua Euskal Herrian sortzen den musikaren aberastasuna, aniztasuna eta kalitate handia erakutsi eta balorean jartzea da. Mundu mailan ospetsuak diren musikari, talde eta lanen berrinterpretazioaren bitartez, hauek omendu eta bertoko publikoari opari bezala eskaintzea dute helburu.

Zazpi urtetan zehar antolatu diren 100 kontzertu hauetan hainbat izan dira aukeratutako mundu mailako lan, arlo, musikari eta taldeak. Baina itzal handiko nazioartekoaz gain, euskal musikariei eskainitakoak izan dira baita ere. Horrela izan zen 2011n, zikloaren hasieran, Zarama taldeak egin zuen 80. hamarkadako euskal rock-aren kanturik berezienak bildu zituena eta batez ere 2016tik aurrera antolatu izan direnak, Anje Duhaldek Errobiren kantuak berreskuratu zituenekoa; edo Igelaren Bandak Izukaitz taldearen omenez eskainitakoa. 2017an Lou Topet taldeak Wilkoren kantuak euskarara ekarri zituen eta proposamen honekin beste ildo bat zabaldu izan da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos