http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak hamar irabazle izango ditu aurten

Sariak berak eta, batez ere, euskarazko kazetaritzak egin duten bide oparoa ospatu nahi dute antolatzaileek 30. edizio honetan

ELCORREO.COM

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 30 urte beteko ditu aurten. Urtemuga berezia ospatzeko, edizio berritu eta berritzailea prestatu dute ekimena sustatzen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Andoaingo Udalak. Horrela, '30 urte, 10 mugarri' lelopean, aurten hamar sari banatuko dira.

Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak aurkeztu zuten ostegun honetan Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30 edizio berezia, Donostian. «Rikardo Arregi zenaren garaitik euskarazko kazetaritzak gure egunotara arte egin duen jauzi itzelezkoan mugarri izan direnentzat aitormen sariak izango dira», azaldu dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioan, sariak berak eta, batez ere, euskarazko kazetaritzak egin duten bide oparoa ospatu nahi dute antolatzaileek. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren helburua euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea izanik, edizio honen xedea izango da azken hamarkadotan «aitzindari, erreferentzia nagusi, bidegile edota bide erakusle» izan diren hamar mugarri aitortu eta saritzea.

Ainara Rodriguez Euskara zinegotzi eta epaimahaiburuak adierazi duenez, «Rikardo Arregik egin zuen kazetaritza bere garaian mugarri izan zen, guztiz berritzailea baitzen, eta ordutik gure egunotara arteko aurrerakuntza ez da berez gertatu, jende askoren lana dago hor».

Pertsonak, hedabideak, ibilbideak, sustapen lanak, erremintak edota kazetaritza lan erreferentzialak izan daitezke sarituak aurtengo edizioan. «Ezinbestekoa izan da euskarazko komunikazioaren lana euskararen biziberritze prozesuan. Hainbat eragile, kazetari, gidoilari edota euskaltzaleren ekarpena saritu nahi dugu aurten, lan oparo hori benetan eraginkorra izan baita euskara dagoen tokian egon dadin», adierazi du Estibaliz Alkortak.

Norbanakoen zein izaera juridikoa duten erakundeen esku egongo da hamar mugarri horiek proposatzeko aukera. Proposamenak ekainaren 15a arte aurkeztu ahal izango dira posta arruntez edo posta elektronikoz honako helbidean: 'XXX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Andoaingo Udala. Euskara Zerbitzua. Goikoplaza, z/g. 20140, Andoain' edo euskarazerbitzua@andoain.eus.

Sariaren edizio berezi honetako hamar saridunen inguruko erabakia epaimahaikideen esku izango da. Epaimahaiak mahai gainean izango ditu jasotako proposamenak eta bere kideek egin ditzaketenak, eta sariaren oinarrietan jasotakoari jarraiki hartuko du erabakia. 30. ediziorako berariaz prestatutako artelan bana emango zaie hamar saridunei, bakoitzari dagokion sariaren agiri diplomarekin batera.

Epaimahaiburua Ainara Rodriguez izango da, eta mahaikideak Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoitia. Idazkaria Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria izango da, eta hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo du.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30. edizioaren hamar sarituak urrian ezagutaraziko dira, 30. urtebetetzea ospatzeko jai batean. Rikardo Arregi kazetari zenaz geroztik euskarazko kazetaritzak eta komunikazioak egin duten bidea ospatzeko aitzakia izango da, eta bide horretan protagonista izan direnak bilduko dira han.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos