http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

REWIND

Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Jakina da. Lehenengo jaioberriarekin batera, gonbidatu berri bat izan ohi dugu etxean: bideo-kamara. Hasieran dena da kilikagarria: lehen fardela, lehen zurrupada, lehen pausoak... Urte gutxiren bueltan, grabatutako zinta-piloa espero zenuen baino askoz potoloago bihurtu da. Hor biltzen dira kirol-lehiaketak eta gabon-ekitaldiak, kostaldeko oporrak eta izandako “zorionak-zuri” guztiak.

Ohikoa da, era berean, datozen haurrentzat grabazio minutu gutxiago izatea. Argazkiekin ere gertatzen da. Nahiko prozesu logikoa da hau. Lehenjaioak erabat artxibo oparoagoa izaten du, baita ospitaleko larrialdietara alferrikako bisita gehiago ere.

Horrenbeste mimoz eta arretaz hartutako eszena guzti horiek, egunen batean gozotasunez begiratuak izateko bokazioa daukate. Gure buruak pantaila aurrean irudikatzen ditugu, pozaren pozez, bizitako une zoriontsuak berreskuratzen.

Baina denborak ez du beti gure gogoarekin bat egiten.

Antzineko irudiak ikustea. ez da beti uste genuen bezain gozoa.
Antzineko irudiak ikustea. ez da beti uste genuen bezain gozoa.

Egunen batean, gutxien espero duzunean, udako bisitaren batek antzinako irudiak ateratzera animatuko zaitu. Zuk badakizu ez dela, ezinbestean, oso esperientzia gozoa izaten. Batzuetan, iraganekoak, inoiz baieztatu duzunez, hobe da iraganean uztea.

Badago, ondo dakit, beren oroipenak behar den moduan gordetzen dakitenak. Ni ez naiz horietako bat. Nire zintak urteka daude gordeta eta askoz jota, mezu generikoren bat daukate idatzita: “Mallorcako oporraldia” ... edo. Era honetan ezusteko irudiekin topatzeko aukerak asko handitzen dira.

Nire harridurarako, 1995. urteko kamerak bizirik dirau eta erraz moldatzen da 2017ko telebistarekin. Gure bizitzako pasatako uneak hasten dira pantailan agertzen. Modaren ezinbesteko aldaketak agerian. Sinestezina, hamarkada batzuen bueltan zenbat aldakuntza sumatzen diren. Normalean kontuan izaten ez ditugun bitxikeriak dira: berokiak, soinekoak, orrazkerak, alkandoratako lepokoak... “egunen batean -badirudi esaten digutela- orain daramazuna ez da modan egongo, lasai hartu, beti horrela izan da.

Bat batean, lehenengo hildakoa: minbiziak eramandako lagun hura, pozik eta sasoian zegoenean, umeak behar den moduan jaten ez ziolako kezkatuta. Halabeharrez, tristura egongelaren jabe egiten da...

Seme-alaben irudiak ere, kutsu malenkoniatsua utzi ahal dute. Janzkerak, ahotsak, erreakzioak... bideoetan -eta ez horrenbeste argazkietan- alabak txikitan ikusten ditudanean nolabait ezezagunak egiten zaizkit eta horrek urduri samar jartzen nau.

Bideo zaharrek hondar gazi-gozo bat uzten digute. Betikotasunaz eta itzuliko ez denaz mintzo dira eta dagoeneko existitzen ez den leku batean kokatzen gaituzte, oroimenaren iragazki tranpati barik. Hor gaude gu, mundua gelditu egin zelakoan, guraso bihurtu ginelako.

Sasoia amaitu da. Zintak tiraderara berriro bueltan. Zorte pixka batez hurrengorako ezinezkoa izango da erreprodukzioa. Jose Luis Lopez-Linares eta Javier Rioyo-ren “Un Instant en Vida Aliena” (Une bat Inoren Bizitzan) filmean oso ongi islatu zuten sentipen hau.

Mary Schmich, Estatu batuetako idazleak bere “Wear Sunscreen” (Erabili Eguzki Babeslea) izeneko entseguan idatzi zuenez: “sinistu nazazu, hogei urte barru, zure antzinako argazkiak ikustean, zenbat aukera zenuen eta zer ederra zinen konturatuko zara...”

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos