http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Punta Begoñako material hondatuak sailkatzen ari dira EHUko ikasleek

Punta Begoña./P. Urresti
Punta Begoña. / P. Urresti

Maiatzetik uztailera bitartean egiten ari da bilketaren lehen fasea

ELCORREO.COM

Punta Begoñan, Getxon, daude Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko ikasleak, aretoko eta aretoaren ondoko guneetako jatorrizko material zeramikoa eta marmolak biltzen, aukeratzen, garbitzen eta sailkatzen, ondoren lehengoratzeko.

Denboraren joanaren, mantentze lanen faltaren, ingurumeneko hainbat faktoreren eta ekintza bandalikoen ondorioz, galeriak apaintzeko erabilitako materialetako batzuk hondatu egin dira, eta beharrezkoa da materialok lehengoratzea, galeriak birgaitzeko erabili ahal izan daitezen.

Hori dela eta, zeramikazko piezak biltzeko, aukeratzeko, garbitzeko eta sailkatzeko proiektu bat diseinatu da, bi urtekoa, ondoz ondoko faseetan lanoi ekin ahal izateko, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Maiatzetik uztailera bitartean egiten ari da bilketaren lehen fasea, eta Arte Ederren Fakultateko Zaharberritzeko hirugarren mailako praktiketako 12 ikasle esku hartzen ari dira. Hala, hilabeteotan, eraikineko gune jendetsuenak lantzen ari dira: areto nagusia eta iparraldeko galeria.

Aretoan, hainbat koloretako marmol zatiak atera dituzte zoruko errematetik eta tximiniraino iristen den zokalotik. Horrez gain, kristal puska batzuk aurkitu dituzte, batzuk lauak eta besteak inprimatuak, aretoko zurezko itxiturari dagozkionak, baita zurezko zatitxo batzuk ere. Aretoko terrazatik landare ugari kendu dituzte, zorua eta olanbrillak estaltzen zituztelako eta piezei kalte egiten zietelako.

Iparraldeko galerian, berriz, zeramikaz estalitako bi eserlekuen bizkarraldea osatzen duten jardinera batzuetan edo zoruan bertan aurkitutako zeramikazko piezak berreskuratu dituzte. Zenbatetsi denez, zeramiken eta marmolen %80 inguru berrerabili ahal izango dira galeriak lehengoratzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos