http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

«Profesional baten azalean sentitzen hasi naiz aurten»

Lourdes Oyarbide txirrindularia.
Lourdes Oyarbide txirrindularia. / e.c.
LOURDES OYARBIDE - TXIRRINDULARIA

Bizkaia-Durango txirrindulari taldeko Lourdes Oyarbide Espainiako txapelketan gailendu egin da, erlojupeko proban, aurreko asteburuan

VIRGINIA ENEBRAL

Hirrugarrenean garaipena esaten ohi da. Ez da behar izan. Iaz helmugara iristeko 500 metro falta zirenean erori ondoren, aurten ez du barkatu. Lourdes Oyarbide Arabako txirrindulariak eraman du aurreko asteburuan Espainiako Txapelketa erloju kontrako proban. Bizkaia-Durango taldeko kideak saio bikaina egin eta garaipena eskuratu zuen izugarrizko nagusitasuna erakutsiz; izan ere, hurrengoari minutu erdi baino gehiago sartu ez ezik, lasterketa amaitu aurretik harrapatu zuen hirugarrena sailkatu zena. Bere ametsa emaitza onak izaten jarraitu ez ezik, soldata bat edukitzea da. «Oraintxe bertan ezinezkoa da aukera hori».

Iaz ondo egiten ari zinen, baina 500 metro falta zirenean, lurrera erori zinen. Aurten, ordea, lortu duzu... Azkenik!

Bai! Helburua beteta.

Bazenekien marka onak ezartzen zenbiltzala?

Azken aurrekoa atera nintzen eta helmugara iristeko kilometro bat gutxi gorabehera falta zenean, nire aurretik atera zena, Sheyla Gutierrez, faboritoren artean ere zegoena, harrapatu nuen. Une hartan oso ondo egiten ari nintzela suposatu nuen. Halere, oso ondo moldatzen den Gloria Rodriguezek amaitu behar zuen oraindik. Heltzerakoan nire inguruko jendea oso pozik zegoen, baina nik behin eta berriz galdetzen nuen 'Gloriak zer egin du?'. Norbaitek gainontzekoak ahazteko esan zidan: «Denbora asko sartu diezu».

Aurten zure helburu nagusienetariko bat zen. Txapelketa eskuratzeko gogoa zeneukan...

Orain erraza izan dela dirudi, baina izugarrizko lana egin dut: bizikletan, gimnasioan indarra lortzeko, sasoian zehar lasterketa askotan parte hartu dut emaitza onak lortuz... Une onean ailegatzen nintzela, konfidantzarekin, eta nire aukerak edukiko nituela banekien, baina inoiz ez duzu irabazteko ziurtasunik. Azkenean, nahi bezala atera zen dena.

Behar bezala ospatu zenuen?

Hurrengo egunean errepideko lasterketa geneukan eta atsedena hartu behar genuen, hortaz, garagardo bat eta kitto! (barreak). Igandean postre bezala tarta bat ere izan nuen, baina ezer bereziki. Sasoia luzea da eta erdia baino ez da igaro.

Gainera, Mavi Garciak, taldeko kideak, bigarrena amaitu zuen...

Oso pozik geunden. Mavik ez zuen erlojuaren kontrako proba guztiz prestatu, bere helburua errepideko lasterketa baitzen; izan ere, oso indartsu zegoen. Txapelketa hasi baino lehen txantxetan esan nion podiumean ikusiko ginela, ez nekiela zein tokitan, baina ziur biak geundela.

Agian susmo gehiago hitzez adierazi beharko zenituzke!

Kar-kar-kar! Izan ere, errepideko lasterketa elkarrekin irabazten saiatu ginen, iazko garaipena errepikatzeko nahiarekin, baina bigarren lekuarekin konformatu behar izan genuen. Txapelketa Sheyla Gutierrezek eraman zuen. Mavik azkenengo igoeran ihes egiten saiatu zen, baina eutsi zion eta esprintean gurpil batengatik gailendu egin zen.

Zeintzuk dira hurrengo xedeak?

Taldeak egiten dituen lasterketetan lehiatuko naiz, Euskaldun Txapelketan, esaterako, hainbat proba daude oraindik. Bestalde, Europeora joatea gustatuko litzaidake baina erabakia estatuko hautatzailearen eskuetan dago.

Gainera, taldeak kurtso hasieran ezarritako helburuenetariko bat Espainiako Kopa eskuratzea zen eta, azkenengo proba falta den arren, zurea da jada...

Bai, matematikoki irabazita dago, zortzi lasterketatik zazpi irabazi ditugu eta -berak bi-. Egia esan, gauzak ondo ateratzen ari dira eta pixkanaka-pixkanaka helburuak lortzen ari gara.

Estatuko talde bakarra izan zineten Lieja-Bastogne-Lieja lasterketan. Nola izan zen esperientzia?

World Tour lasterketak oso ondo antolatzen dituzte eta ideia ezinhobea da mutilak atera aurretik gu hastea, errepide ezberdinetan... Publikoa hor bertan dago eta asko animatzen gaituzte. Gainera, izugarrizko txirrindulari maila dago eta, halere, emaitzak ez ziren txarrak izan. Nik asko disfrutatu nuen. Bestalde, Valoniako gezia egin genuen aurretik eta lasterketa Huyko harresian amaitzen da. Inoiz ez dut hainbeste jende ikusi! Eta animatzen zeudenean lurra dar-dar egiten zuen. Ikaragarria izan zen! Ez hori bakarrik, Euskal Herritik etorritako zenbait zikloturista zeuden eta berezia izan zen Belgikan euskaraz animoak entzutea.

Soldata eza

Aurten buru-belarri zaude txirrindularitzan. Nola ikusten duzu zure bilakaera?

Izugarri nabaritzen da. Denbora pila daukat orain bizikletari emateko, beraz, ahal dudan guztia entrenatzen dut. Aste askok bai goizez bai arratsaldez ateratzen naiz. Behar dudan atsedena hartzeko ere astia dut. Dena batuta, asko igartzen da. Azken finean, kirol honek ez du sekreturik: entrenatu eta entrenatu. Eta profesional baten azalean sentitzen hasi naiz aurten.

Zeintzuk dira zure puntu indartsuak eta ahulak?

Estatu mailan erlojupekoetan ondo nabil, baita lauan eta erdi-mendian ere, lur orotako txirrindularia naiz. Baina atzerrira joaten garenean... ez naiz eskalatzaile eta asko jasaten dut. Klasikak dira gehien egokitzen diren probak; halere, asko falta zait oraindik, batez ere, teknikoki eta psikologikoki oso gogorrak direlako.

Zer izango litzateke bete nahi zenukeen ametsa?

Emaitza onak izaten jarraitu ez ezik, soldata bat edukitzea. Oraintxe bertan ezinezkoa da aukera hori.

Eta lortzeko: etxean edo atzerrian?

Ideala etxean geratzea izango litzateke, hots, hemengo taldearekin lasterketa guztietara joan ahal izatea, baina izugarrizko aurrekontua behar da horretarako eta dagoen egoerarekin... Guk izugarrizko ahalegina egiten dugu eta askotan nekez heltzen gara helburuetara. Hortaz, soldata bat izateko atzerrira joan beharko nuke. Baina horretarako emaitza onak lortzen jarraitu behar dut.

Temas

Durango

Fotos

Vídeos