http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Pribilegiatua naiz, niretzat lana eta hobbya gauza bera direlako»

Ibon Gaztañazpi, 'Gailurra Xtreme' saioan./DV
Ibon Gaztañazpi, 'Gailurra Xtreme' saioan. / DV

Kirolari sutsua da Ibon Gaztañazpi, izan ere aise moldatzen da kazetaria 'Gailurra Xtreme' ETB1ko saio berrian aurkezle gisa

IZASKUN MOYANO

Euskal Herrian historian zehar praktikatu izan diren, eta egun bizirik irauten duten kirolei so eginda, herritarrok ez dugu beldurrik harritzarrak jaso, egur potoloak moztu edota soka bati tira egiteko. Gauzak horrela, erronka baten aurrean ez gara kikiltzen eta helburua lortu arte ez dugu etsitzen. Deskribapen honen harira, Euskal Telebistan abentura eta norgehiagoka nagusi diren programak arrakasta handia izaten dute ikusleen artean. Adibidez, Ibon Gaztañazpik (Orio, 1977) aurkeztutako 'Gailurra Xtreme' saioa.

Hamabi kirolarik zortzi etapa burutu behar izango dituzte Pirinioetako mendietan barrena korrika eginez. Lehiaketako parte hartzaile guztien helburua berdina da: Irunen hasi Monte Perdidon bukatuta 300 km-ko ibilbidea egitea. Honetarako, saioan ikusiko diren mendi garaiak eta paraje ikusgarriak zeharkatu beharko dituzte. Egunak aurrera egin ahala nekea pilatzen joango zaie eta ahulenek amore emango dute, lehiaketa alde batera utzita.

Kamerek ibilbidean gertatzen den guztia grabatuko dute, baina Gaztañazpiren esanetan «lasterketan jarriko dugu fokua». Hots, ez da reality show batean bezala parte hartzaileen bizikidetza erakutsiko, ezta beraien artean tentsio gunerik eragingo. Beraz, ETB2ko 'El Conquistador' saioaren oso bestelakoa dela esan genezake. Bietan erronkak eta abentura nagusi izan arren, hizkuntza ezberdinetan hitz egiten dute, eta euskaldunean, gaztelaniazkoan ez bezala, lehia hutsa islatzen da.

Oso gustura dago Ibon Gaztañazpi 'Gailurra Xtreme'-en aurkezle lanetan, kirola asko maite baitu. Beraz esan bezala, «pribilegiatu sentitzen naiz, lana eta hobby-a uztartzeko aukera dudalako». Baina badirudi egoera oso bestelakoa izango litzatekeela parte hartzaile gisa arituko balitz. Izan ere, korrika egitea atsegin duen arraunlari ohiak «300 km-ak burutzeko erronka» onartuko zukeen, «kamera aurrean izango ez balitz».

«Neguan itsasoan bainatzea bezalakorik ez dago»

Astean zehar, kiroletako kazetari gisa ikus genezake oriotarra, ETBko berrietan; ostegun gauetan, 'Gailurra Xtreme'-eko aurkezle lanetan dihardu; eta asteburuetan, Herri Kirolak zuzenean komentatu eta protagonistak elkarrizketatzen ditu. Baina laneko orduetatik kanpora ere, kirola egiten jarraitzen du kanpoaldean. Ibonek ez ditu gimnasioak gustuko. Izan ere, maiz mendira joaten da korrika egitera, herririk herri bizikletan ibiltzera, eta hondartzara igeri egitera.

Urteak dira ekintza hau praktikatzeko ohitura duela. Berdin dio; udaberri, uda, udazken ala negua izan, oriotarrak itsasoan murgiltzeko grina izaten du, sarritan. Egun, kanpoaldean egiten duen hotzaren ondorioz, arineketan sartzen da uretara, han tenperatura atseginagoa dagoelako. «Kolpe batean kentzen dut estres guztia», adierazi du pozik. Horrez gain, igerialdiok «oso osasuntsuak» omen dira. Hala, lau urte daramatza Gaztañazpik katarro bat harrapatu gabe.

Baina kirola ez da bere pasio bakarra. 'Gailurra Xtreme'-ko aurkezlea saxofoi eta baxu jole jaioa da. Horrenbestez, maiz aritzen da musika taldearekin entseatzen. Bestalde, ariketa fisikoa maite duen era berean, maite du jatea. Beraz, kuadrilako bazkari zein sagardotegietako afarietan biziki gozatzen du oriotarrak. Baina bere munduan egoteko abagunea izatea ere ezinbestekotzat du. Hori dela eta, jende ugari pilatzen den tokietatik at, nahiago du bakardadean liburu on bat irakurri.

«Nahiko ipurterrea naiz» onartu du. Beti dabil hemendik, hortik eta handik gauza berriak probatzen. Halaber, egunean egunekoaz arduratzen den horietakoa da Gaztañazpi. Hortaz, etorkizunak ez du batere arduratzen, ez daki hemendik urte batzuetara non egongo den. «Nire lagun batek esan bezala, 'ez ahaztu gaur bertan hil gaitezkeela'». Gauzak horrela, 'Olerkari hilen kluba' filmean bezala, Keatong jaunaren filosofia jarraitzen du: 'Carpe diem'. Bejondeizula, Gaztañazpi!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos