http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pre-Zinebi egitaraua gaur hasi da

Asteburuan ZinebiExpress lehiaketan parte hartzeko aukera izango da. Film laburrak 48 ordutan egin behar dira

ELCORREO.COM

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 59. edizioaren aurrerapena gaur hasi da, Pre-Zinebi egitarauarekin, eta otsailaren 10era arte, Bilboko ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek lekua izango dute, jaialdiaren arduradunek iragarri dutenez.

Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen lankidetzarekin, Pre-Zinebi ostiralean hasiko da, Campos Antzokiko Kupula Aretoan, Zoe Berriatua antzezle, gidoilari eta zinemagilearekin 20.00etatik aurrera egingo den topaketarekin. 'Los Héroes del mal' (2015) film luzearen inguruan ariko dira bertan.

Bihar, 48 ordutan filmatu beharreko film laburren ZinebiExpress lehiaketarako deialdia egingo da, 09.30etik 10.30era, Campos Antzokiko atarian. Zinebik hamargarren urtez jarraian antolatu du lehiaketa. Parte hartzaileek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute lanak aurkezteko. Sariak azaroaren 9an banatuko dira, Azkuna Zentroko auditoriumean, 20.00etan. Ekitaldian lehiaketaren finalera heldu diren filmak eskainiko dira.

Halaber, larunbatean bertan, Zinemakumeak Gara! talde feministarekin elkarlanean, Pre-Zinebik Sara Gomez zinemagile afro-kubatar gazte eta bereziaren figurari eskainitako saioa antolatuko du. Gomez Kubako zinearen aitzindarietakoa izan zen, 1959ko iraultzaren ondoren. Egitaraua Lola Calviño Cinemateca del Instituto Cubano del Arte y la Industria Cinematográficos (ICAIC) erakundearen zuzendariordeak aurkeztuko du, eta Gomezek hil baino pixka bat lehenago amaitu zuen 'De cierta manera' (1974) film luzea eta 'Guanabacoa: Crónica de mi familia' (1966) film labur dokumental autobiografikoa eskainiko dira.

Bestalde, azaroaren 6an eta 7an, Kupula Aretoan, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2016an eta 2017an egindako lanak erakusteko bi saio eskainiko dira, 20.00etan. EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPSek, IMVALek, Anima Eskolak eta Euskadiko Zine Eskolak (EZE) hartuko dute parte.

New talents

Gainera, hirugarren urtez jarraian, Zinebi-New Talents saria emango zaio aurreko ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenari. Saria 1.000 euro da, eta Zinebiren 59. edizioaren inaugurazio ekitaldian banatuko da, azaroaren 10ean, 20.00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.

Halaber, Pre-Zinebik FAS zineklubaren laguntza izango du aurten ere. Horrela, azaroaren 7an, David Arratibelen 'Converso' filma eskainiko da Kupula Aretoan. Proiekzioaren aurretik, eliz musikako kontzertu laburra eskainiko du ganba biolarekin Elena Murgia Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) biolin jotzaileak.

Pre-Zinebiren amaierako jaia azaroaren 10ean izango da, 22.30ean, Kafe Antzokian, eta Zinebi 59ren inaugurazio ekitaldiarekin bat egingo du. Oraingoan, Caostica Elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko zaio 1970eko eta 1980ko hamarkadetako 'kinki zineari' eta Jaro, Vaquilla edo Torete bezalako auzo pobreetako heroiei. Borja Serraren (Dj Mimoloco) eta Arturo del Arcoren (RGB Lover Dj) emanaldiekin hasiko da jaia, eta horien ondoren El Coleta eta Jarfaiter hip-hop artistak ariko dira. Amaitzeko, Peon Kurtz Dj Def Con Dos taldeko kide ohiak musika jarriko du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos