http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Pregoilariak eta txupinerak neurrira egindako soinekoak jantziko dituzte

Gaur eta bihar gauez Perseiden izar jarioa zeruan ikusteko aukera onena izango dugu

IZASKUN MOYANO

Jantzi tradizional hauek oihal naturalak eta ehun teknikoak erabiliz neurrira egindakoak dira. Bikain moldatzen dira dagokien gorputzetara norberak erosotasuna lor dadin. Nola ez, Aste Nagusi honetan Nati Ovellero eta Ane Ortiz pregoilari eta txupinerak soinean eramango dituzten soinekoei buruz ari gara. Trajeok Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak eginak dira urtero bezala, Rafael Matias oihal dendako ehuna josirik.

Aurretik egindako eta gorputza hauetara moldatu beharreko lanketa industriala alde batera utzita, jantzi tradizional hauek aurretiaz neurri jakinak hartu eta norberari dagokion soineko perfektua eratzea ahalbidetzen dute. Izan ere, azken asteotan pregoilari eta txupinerak, biak ala biak, hiru jantzi proba egin behar izan dituzte bakoitzaren soinekoak egoki landu zitezen.

Trajeok erosotasuneranzko bilakaera handia jasan dute azken urteotan. Antzina bero handia ematen zuen feltro pisutsua erabiltzetik egungo zelulosazko oihal naturalak janztera pasatu dira. Hauen bidez, edozein mugimendu egiteko erraztasuna ematen duten soineko erosoak eta freskoak lantzen dira.

Aurreko pregoilari eta txupineren eskarmentuak adierazten duen bezala, Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak Rafael Matiasekin batera, soinekook egungo garaietara moldatzeko prozesuan aurrera dihardute, modelo tradizionalak errespetatuz. «Arropa hauek lantzeko orduan daukagun filosofia, edozeinek soinekoren bat burutzeko orduan daukan bera da; hots, norbera asebetetzea», azaldu du Rafael Matias oihal dendako arduraduna den Arantza Matiasek.

Aste Nagusiko ekintzen eskakizuna aintzat hartuz, soinekook freskotasuna eta erosotasuna ematea beharrezkoa da. «Arropak, are gehiago Aste Nagusian, erabilgarria eta eramangarria izan behar du», azaldu du Matiasek.

Bandoen amaiera

Pregoilari eta txupineraren trajeak duela urte askotatik Bilboko jaietan protagonista diren bi irudiri egiten die erreferentzia. Txupinerarenak jaka eta txapel gorria daramatza eta antzina udaletxeko bandoak aurkezten zituen langileari zegokion. Bestalde pregoilariarenak, gaztelaniazko esamoldetik dator 'chaqueta amarilla, a cuenta de la Villa' (jaka horia, hiriaren ondorioz). Izan ere, hastapenetako kale-garbitzaileek denbora igaro ahala kolore horixka hartzen zuen jaka zeramaten.

Baina soinekook ere badute beste esanahi sinboliko bat: Bilboko karlista eta liberalen arteko liskarren amaiera. Honela, Aste Nagusian alderik ez dagoela azpimarratu nahi da, bilbotar guztiak elkarrekin festez gozatzen dutelarik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos