http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Polonia, Mexiko, India, Errusia eta Ekuadorreko taldeak, Portugaleteko Folklore Jaialdian

Iazko Porugaleteko folklore jaialdia. / P. Urresti

Herrialde horietako taldeak bilduko ditu astelehen honetatik ostegunera bitartean

ELCORREO.COM

Elai-Alai elkarteak Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 43. edizioak Poloniako, Mexikoko, Indiako, Errusiako eta Ekuadorreko taldeak bilduko ditu astelehen honetatik ostegunera bitartean, eta Kolonbiako talde bat ere igoko da oholtzara Bilbon uztailaren 27an izango den emanaldian.

Imanol Sarriak jaialdiaren zuzendari berriak joan den asteko aurkezpenenean nabarmendu zuenez, aurtengo edizioan parte hartzen duten taldeak «benetan anitzak eta bikainak» dira. «Kulturak, jendeak, herriak... Horiek denak elkartzen dira jaialdi honetan. Aniztasuna ospatu nahi dugu, dantzaren eta musikaren bitartez elkartu nahi dutenak besarkatu nahi ditugu», adierazi zuen.

Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Portugaleteko Udalak babesten dute jaialdia. Portugaleteko Canilla pasealekuan ospatuko da eta dantza emanaldia egunero izango dira, 21:30etik 23:00etara arte. Gainera, astelehen honetan bertan, talde guztiak aldi berean ariko dira dantzan, eta tartean izango da jaialdia antolatzen duen elkartea ere, Portugaleteko Elai-Alai elkartea.

Modu honetan, asteartean, uztailaren 18an, Wisla folklore taldea (Polonia) eta Colimako Unibertsitateko Ballet Folklorikoa ariko dira. Asteazkenean, uztailaren 19an, Rangsagar taldea (India) eta Chuvashiako Estatuko Kantu eta Dantza Konpainia (Errusia) izango dira protagonista, eta bukatzeko, ostegunean, hilaren 20an, Tungurahua Folklore Taldea (Ekuador) eta Elai-Alai ariko dira.

Dantza emanaldiez gain, bi kontzertu antolatu dira, eta jaialdian parte hartzen duten elkarteetako musikariek hainbat doinu eta melodia tradizional joko dituzte. Saioak Gran Hotel Puente Colgante hoteleko terrazan izango dira: uztailaren 23an, 13:00etan, Ekkuador, India eta Poloniako taldeak ariko dira, eta 24an, 19:00etan, Errusia, Mexiko eta Euskal Herrikoak.

Hamar minutuko emanaldiak

Bestalde, uztailaren 25ean Munduko Dantzak jardunaldia egingo da Karlos VII.a kalean, 21:30etik 23:00etara. Sei oholtza jarriko dira Portugaleteko inguru horretan, eta taldeek hamar minutuko emanaldiak eskainiko dituzte aldi berean eta agertokiak txandakatuz.

Egun berean, Munduko Sustraiak ekitaldia egingo da, eta talde parte hartzaileek beren herrialdeko lur apur bat ipiniko dute Gernikako Arbolaren kimuetako baten oinetan.

Uztailaren 27an, berriz, Bilbon izango da hitzordua, Arriaga Antzokiaren plazan eskainiko baitute emanaldia jaialdian parte hartzen duten bost taldeek, Elai-Alai elkarteak eta Kolonbiako talde batek. Saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Fotos

Vídeos