http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

500 pertsona inguru, emakumeen indarkeriaren aurkako Arrigorriagako jai-guneetako informazio puntuetan

Horietatik 379 emakumeak izan dira eta 121 gizonak

ELCORREO.COM

Errespetuan oinarritutako eta emakumeak errespetatzen ez dituzten jarrerarik zein erasorik gabeko Madalenak lortzea izan da helburua, eta horretarako, emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako Arrigorriagako Loturarik gabe elkarteak eta udaleko Berdintasun Sailak informazio-puntu bat ezarri dute jai-gunearen barruan uztailaren 21ean, 22an eta 23an. Txosnatan jarri dute 20:30etik 22:30era lehenengo bi egunetan eta udaletxeko plazan hirugarren egunean, 18:30etik 20:30era.

Egun horietan oro har indarkeriaren aurkako eta bereziki gazteen aurkako eraso sexistei buruzko askotariko materialak eta esloganak banatu dira, besteak beste, gidak, eskumuturrekoak, pegatinak, kartelak eta proiekzioak. Puntu lila erabili da informazio-standaren sinbolo gisa.

Guztira, 500 pertsona hurbildu dira. Horietatik 379 emakumeak izan dira (% 75,8) eta 121 gizonak (% 24,2). Adinei dagokienez, parte-hartzaileak nahiko gazteak izan dira, 10etik 7 40 urte artekoak izan dira, eta 10etik 3, berriz, 40 urte baino gehiagokoak.

Egiaztatu denaren arabera, jende gehiena karpa ikustera hurbiltzen zen beren-beregi, eta ez bertatik igaro zirelako bakarrik. Gainera, jaietako egitarauan ikusi zuten bertan instalatuko zela.

Bestalde, bertara hurbildu direnek aukera izan dute iritzia eman eta eraso sexistarik gabeko eta berdintasunezko jaiak lortzeko ekintzak zehazteko, datozen urteetako edizioetan aintzat hartuko direnak. Horretarako, jaietako pertsonarteko harremanei, jai-guneei eta musikari buruzko inprimakia bete dute. 10 galdetegitik ia 5 euskaraz bete ziren, eta gainerakoak gaztelaniaz.

Erantzunei dagokienez, gehienek adierazi dute pozik daudela gure inguruan emakumeen aurkako indarkeria dela eta daukagun arazo larria kalera atera eta ikusarazi delako, eta jendeari horren gaineko iritzia emateko aukera eman diotelako, bai eta hobeto aurre egiteko alderdiei buruzko ikuspuntua ere.

- Oro har, pertsona guztiak erantzun dute matxismoaren eta sexu-erasoen aurkako kontzientziazioa eta hezkuntza direla oro har berdintasun eza eta bereziki emakumeen aurkako indarkeria eteteko bidea.

- Sexu-erasoak jai-esparruetan gertatzeari dagokionez, jende gehienak uste du zaintza ugaritu behar dela (poliziarekin, beharrezkoa bada), eta herriko eremurik isolatu eta ilunenetan argiztapena hobetu.

- Jaietan entzuten den musikari dagokionez, parte-hartzaile gehienek nabarmendu dute reggaeton musikak eduki sexista duela, eta leku guztietan entzun daitekeela, batik bat, taberna eta barraketan. Gainera, komeni da jai-guneetan berdintasunaren aldeko musika edukitzea.

- Harremanei dagokienez, neskak dira sexu-eraso gehien ikusi dituztela esan dutenak, hala nola nesken gorputzei edo sexu-praktiei buruzko iruzkinak, baita ere baimenik gabe gorputza doi-doi ukitzea, ligatzerakoan astunak izatea... Horrez gain, jakitun dira, batez ere haiek, autodefentsarako jarreren aldeko jokabideak eta beldurra galtzeari eta gaur egungo mendekotasun-harremanak aldatzeari dagozkionak nagusi izan behar dutela arazoari aurre egin ahal izateko.

Fotos

Vídeos