http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Perretxikoek kafea edaten dute

Lauaxeta ikastolako ikasleek kafeko hondarrekin perretxikoak ekoitzi dituzte./
Lauaxeta ikastolako ikasleek kafeko hondarrekin perretxikoak ekoitzi dituzte.

LH, DBH eta Batxilergoko zazpi irakasgai ezberdineko ikasleek parte hartzen dute Lauaxeta ikastolak abian jarri duen proiektu berritzaile batean

VIRGINIA ENEBRAL

Perretxikoak, kafea eta ikasleak esaldi berberean irakurtzean, ziur aski batek baino gehiagok telebistako saio baten froga bitxia izango dela pentsatuko du. Baina erabat okertuta egongo da. Lauaxeta ikastolan gauzatu den hezkuntza proiektu berritzaile bat da eta bertan LH, DBH eta Batxilergoko zazpi irakasgai ezberdineko ikasleek parte hartu dute. Ideia sinplea zein bikaina da: kafeko hondarrekin perretxikoak ekoiztea.

«Ekonomia zirkularrari buruz euskal gizartea kontzientzatu nahi genuen. Estrategia honek zahartua dagoen berziklapenaren katea apurtu nahi du, materialen erabileraren eta honek dakartzan hondakinen murrizketa baititu helburu», azaltzen du Egoitz Etxeandiak, Zornotzako eskolako irakasleak. Bera Bilboko Global Shapers elkarteko kidea da eta han, hain zuzen ere, sortu zen gogoeta. «Kafearen %0,2 nekez kontsumitzen dugu, gehiengoa hondarrak dira. Pertsona kopuruaz eta egunez biderkatzen baditugu zaborrera doazen tona hondakin azkar ateratzen dira. Hortaz, hondar guzti horiekin saltoki handietan aurki daitezkeen ohiko perretxikoak ekoiztu ahal genituela bururatu zitzaigun».

Ondoren etorri ziren orduak «kontaezinak dira», aitortzen du Etxeandiak, hezkuntza proiektuaren garatzaile eta zuzendariak. Halere, ezinezkoa izango zitekeen Lauaxetako irakasleen inplikaziorik gabe. «Planteamenduan sinestu zuten eta hasi-hasieratik konpromisua hartu zuten», eskertzen die bere lankideei matematika eta ekonomia irakasten duenak. Euskal curriculuma eskatzen dituen metodologia atxikitzea ez zen erraza izan: erronkak, autonomia eta gizarte-ekimena, ekintzaile-espiritua edota informazio eta komunikazio teknologiak (IKT). Osagai guztiak nahastu eta ikastolako irakasgai ezberdineko zeregin bihurtu zituzten. Hurrengo urratsa ikaslegoaren parte-hartzea sustatzea zen.

Zirkulua itxi

Batxilergoko lehen mailako ekonomiako ikaslegoa du eragile proiektu honek, hots, taldeak beste gainontzeko mailei euren beharrizanak helaraziko die. Perretxikoen aroak ezagutu ostean, bigarren DBHko Fisika eta Kimika ikasleen txanda izango da. Hauek, erregai fosilei buruz ikasten duten bitartean, hain kutsatzaileak diren poliestirenoko erretiluak ordezkatzeko alternatiba ekologiko bat asmatu beharko dute. Koordinatzaileak Lehenengo Hezkuntzara doaz ondoren, bertan nekazaritza indarra aurkituko baitute. «Taldeka, hirugarren ziklokoak izango dira kafea eta mizelioa nahastuta dagoen zakuen arduradunak; hortaz, ilunpean dauden elementu hauen tenperatura, itxura eta kolorea kontrolatuko beharko dute ikasle gazteenek. Ureztapenari eta loraldiari adi ere egongo dira».

Lekukoa Teknologiako laugarren DBHkoek hartuko dute. 30.000 hezetasun eta tenperatura balio inguru jasoko dituen Arduinoko oinarrizko plaka programatzen ikasiko dute. Erregistro hori hirugarren DBHko matematikako ikaslegoari pasatuko zaio 'big data' kontzeptua landu ahal izateko, hau da, datuak informazio eta ezagutza bihurtuko dute hurrengoetan erabiltzeko. Azkenik, perretxikoak laborategian aztertuko dituzte Batxilergoko lehenengo mailan dauden biologiakoek. Dena den, zirkulua ez da ixten perretxikoak jantokiko langileei edota kafe hondakinak eman zizkieten jatetxe eta tabernei eman arte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos