http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

PEREIRA JAUN-ANDREAK

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Antonio Tabucchik ida-tzitako Pereirak dioenez nobelaren protagonista adineko gizon bat da. Alargun dago eta ohar nekrologikoak idazten ditu Lisboako egunkari batean. Nolabait, ez da bizirik sentitzen Pereira, bizi izatea errefusatu du. Baina filosofo gazte bat ezagutzen duenean, bizitasuna berpizten da Pereiraren barnean. Nobela ederra da Pereirak dioenez eta, bide batez, Salazar diktadorearen kontrako alegatua.

'La sonrisa etrusca' nobelan ere agure erretxin bat dugu protagonista. Jose Luis Sampedrok sortutako pertsonaia ahaztezin horrek bizipoza berreskuratzen du bere biloba ezagutzen duenean. Hamahiru hilabete besterik ez duen haurtxoak erretxin horren izaera aldatuko du erabat.

SPrako tranbia-ren istorioa ezaguna da geure artean. Lucas, gaixorik dagoen agure bat, eta bere arreba Maria, okupa bat topatzen dute euren etxean, ospitaletik bueltan datozenean. Hiruren artean, oso harreman samur eta aberasgarria sortuko da. Unai Elorriagak sentsibilitate handiarekin jorratu zuen zahartzaroaren gaia. Espainiako Narratiba Sari Nazionala merezi izan zuen.

Liburu horiek guztiek adinekoen egoeran pentsatzera bultzatzen gaituzte. Harreman pertsonalen garrantzia azpimarratzen dute. Hala eta guztiz ere, irakurketa horiek barik, goibeltasunak hainbat eta hainbat etxe gobernatzen dituela ondo asko dakigu: lapiko txikiak sukaldean; telebista beti piztuta egongelako isiltasuna aldentzeko; banketxearen eskutitzak harreraren armairuan gordeta. Ez dugula jabetu nahi ematen du eta bat-batean pelikula horiek geure barnean zuntz mingarri bat ukitzen dute. Gero ahaztu eta, nahi gabe, bakarrik dauden adinekoen errealitatea baztertzen dugu. Euren kezkak, euren beldurrak, euren beharrei ez diegu begiratzen. Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkarteak maitasuna eta afektua medizinarik onenak direla esan digute. Gomendio sinplista dirudi psikiatrarenak, baina beharrezkoa da: beharrak begi-bistan badaude ere, sarritan ez ditugu ikusten. Pereira jaun asko daude gure artean: zahar-etxeetan, geure auzoetan, geure familietan, eta guri bezala, laztanak gustatzen zaizkie.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos