http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pentsakizun poesia

JON KORTAZAR

Maiz, eta uste dut, nagusia ez bada ere, nire erantzukizuna ere badela, euskal poesia adar bitan banatu ohi dugu: sinbolista alde batetik, eta abangoardiakoa bestetik. Zer esanik ez dago ez dela guztiz bidezkoa banaketa hori, nahiz eta -lehenago esaten zen bezala- eskoletarako eta esku liburuetarako oso egokia den.

Baieztapena zehatza ez dela adierazteko nahiko da hemen gogoratzea 'Poesia eta Pentsamendua' topaketak eratzen dituen poeta-taldea kontuan hartzea. Hamar urte bete du taldeak poesia topaketa eta irakurketa horiek aurrera eramaten, eta data ospatzeko, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi taldekideek ‘Balea zuria’ argitaletxe berria sortu eta han ‘Chillidari gorazarre/ Elogio a Chillida’ liburua kaleratu dute. Dena dela, «edizio hau ez dela salmentarako» ohartarazi digute.

Ez da taldea bere osotasunean plazan ageri den lehen aldia. 'Poesia eta pentsamendua' jardunaldiak badira taldearen ezaugarrietan barneratzeko abiapuntu ederra. Alabaina iaz 'Muga' izenburupeko poesia-antologia eman zuten argitara, beraien lanen adierazgarri. Egiten dituzten ekitaldi guztiok talde bat dela ziurtatu badute ere, ez da hori ageri haien poesia irakurtzen hasiz gero. Pentsakizuna nagusi bada ere, lauron lan poetikoan desberdin ageri da kontzeptua hizkuntza bihurtzeko orduan. Oso poesia diferenteak egiten dituzte. Eta gainera, behin eta berriro esan dute adiskide-talde bat dela haiena, ez horrenbeste poetika- eta estetika-taldea, eta, batez ere, azaldu dute ez daudela beren poesia-mota hegemoniko bihurtzeko ahaleginetan.

Eta horretarako ez dago azken Jardunaldietako Durangoko errezitaldira gonbidaturiko poeten zerrenda begiratzea baino: Leire Bilbao, Angel Erro, Garazi Ugalde. Ez ditut nik horien poesiak ikusten pentsakizunaren barnean, eta gutxiago metafisikaren bidean.

Lau poeten hizkeran desberdintasunak ageri badira ere, esango nuke eta 'Chillidari gorazarre/ Elogio a Chillida' liburuan agerian dago, Heidegger dela poesia honen abiapuntua. Eta batez ere filosofo alemaniarrak Hölderlin poetari buruz idatzitako liburua, non poesiaren eta poetaren esanahia garbi ageri den. Poesiarena: «Poesia egitea eginkizunik sakonena». Poetarena: «Iraunkorra dena poetek osatu dute». Aipatzen dugun liburuan, adibidez, banaketa bera egin du Felipe Juaristik 'Askotan galdetu izan didate' poeman. Bertan esaten da askotan galdetu diotela zertarako den poesia, eta Juaristik ihardesten du galdetu behar dena ez dela hori, zertarako den poeta baizik.

Poesia-mota horrek bilatzen badu filosofiarekin batzea, iruditzen zait Heidegger-ek poesiaz eskainitako bideek beste aukera poetiko batzuk eman dituztela gure gaurko euskal poesian. Ez nuke ahaztu nahi hemen Jon Gerediagak ekarri duen poesia-emaitza handia, hain zuzen ere Hölderlin berrirakurriz.

Filosofiatik baino estetikatik gehiago duen poesia moldea aukeratu du Amaia Iturbidek, eta bere azken liburuak, 'Dorrearen eta penduluaren arteko ituna' izenburua duenak, gogo betez jo du poesia eta arte tradizionalak, pintura, eskultura, musika, lotzeko bidetik. Berriro puntu batean egiten dute topo poeta hauek: Chillida miresten dute, eta argiaren irakurketa metaforikoa eskaintzen dute, hain zuzen ere, eta berriro Heidegger-engana itzuliz, «Gizakia lurrean poetikoki bizi dela», edertasunaren bila bizi dela uste baitute.

Txikitasunaren aldeko eta zatiaren aldeko garai hauetan, pentsakizuna poesian agertzeko beste eginkizun berria hedatu dela iruditzen zait. Aforismoaren lanketak esparru zabala bizi du gaur egun gure literaturan. Juan Kruz Igerabidek eta batez, Karlos Linazasorok lan handia egin dute genero berria zabalduz. Laburtasunaren eta isolaturik ageri den esaldiaren alde egiten duen generoak agerian uzten du gizartearen ibilbide arrunta, parodiaz eta ironiaz baliaturik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos