http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Pelota II', hotsa eta bihotza

'Pelota II' dokumentalean pilota bera da jokoaren historiaren haria. / E. C.

Maiatzaren 26an estreinatu zen Jørgen Leth-en eta Olatz Gonzalez Abrisketaren dokumentala

FELIX GERENABARRENA

Maiatzaren 26an estreinatu zen antzokietan 'Pelota II', Jørgen Leth eta Olatz Gonzalez Abrisketaren dokumentala. Leth ezaguna da bere filmagintzan ikuspegi antropologikoa aplikatzen duelako eta 1983an 'Pelota' izenburuko dokumentala filmatu zuen. Leth-en ezaugarrietako bat da gai beraren bertsio anitz filmatzea. Esate baterako, 'The perfect human' 1967ko dokumentala 2003an berriro filmatu zuen Lars von Trierrekin batera. 2003ko filmak 'The five obstructions' du izenburu, eta bertan, Von Trierrek bost oztopo jartzen dizkio Lethi 1967ko gaia berriro filmatu dezan, literaturan OULIPOk egiten zuen an tzera. Olatz Gonzalez Abrisketak, 2005ean, 'Pelota vasca. Un ritual, una estética' argitaratu zuen. Liburu horrek pilota jokoa ikuspegi antropologikotik aztertzen du, batez ere jokoak duen erritu-alderdia azpimarratuz. Nire ustez, Gonzalez Abrisketaren liburua da pilotari buruz egin den saiakera kulturalik landuena eta akademikoki aberatsena. Irakaskuntza kulturaletan geratuko da behin-betiko klasikotzat.

'Pelota II'-k baditu bi ezaugarri deigarri eta pilotazaleen artean eztabaida piztu dezaketenak. Bata da esku-pilota besterik ez duela ordezkatzen. Hau da, beste modalitateak, erremontea, zesta-punta, pala edo luzeko jokoak ez dira aipatzen ez azaltzen irudietan. Bestea da, nire ustez, Araba gutxiegi ordezkatuta dagoela. Bitxia egiten zait ikustea Panpi Ladutxeren abeslari bizitzari ematen zaion tartea eta, aldiz, arabar pilotarien presentzia xumea.

Pilota jokoa

Olatz Gonzalez Abrisketaren 2005eko liburuak pilota jokoaren ezaugarri nagusiak azpimarratzen zituen. Alde batetik, Olatzek hitz greziarra erabiltzen du adierazteko 'Agon' edo lehia konpetitiboa dela pilota. Jokoa da pilota, ez jolasa, diosku Olatzek, bertan komunitateak izan ditzakeen gatazkak formalizatzen direlako narrazio batean: «La pelota es una narración hecha acción, formalizada en actos expresivos que recrean el proceso por el cual, desde un estadio de lucha, se constituye la pretendida unidad originaria, una unidad que solo el intercambio alternativo de la pelota realiza».

Victor Turnerrek aztertu zituen gizartearen disjuntzio prozesuak, non sorrerako gizarte-unitatetik zati tzea gertatzen den. Prozesu horrek zauriak utzi ditzake gizarte-gorputzean eta kultura desberdinek prozesu hori metabolizatzeko errituak eta narrazioak eraikitzen dituzte. Esate baterako, Hesiodok 'Lanak eta egunak' lanean aipatzen du bi gatazka edo 'Éris' mota daudela, bata komenigarria, bestea kaltegarria. Kaltegarria ikusiezinarekin parekatu daiteke, gerraren hazia da eta gizakiari lotsa dakarkio. Komenigarria, ordea, lehiaren oinarria da. Gregory Nagyk dioen moduan, lehia konpetitiboa greziarren erakunde gehienetan azaltzen da, poesia barne. Beraz, esan dezakegu 'Agon' edo lehia, jolasaren eta 'Éris' edo gatazkaren artean kokatzen dela.

'Pelota II' filmean narrazioaren protagonista nagusia pilota bera da, hau da, kautxuz, artilez eta larruz egindako esfera. Bressonen 'L'argent' filmean istorioak diruaren inguruan antolatzen diren moduan, 'Pelota II'-n pilota bera da jokoaren historiaren haria. Hari horrek eramaten gaitu Azkainetik Bilbora, pilota jokoak mugak naturalki zeharkatzeko duen gaitasuna erakutsiz. Pilotaren inguruan kultura bat eraikitzen da. Politikak sarritan elkarbizitzaren ertzak zorrozten baditu, kulturak orokorrean, eta pilotaren kulturak batik bat, gainazalak leuntzen lagundu dezake.

Retegi II.ak dio pilota bat eskuetan hartzerakoan egiten duen hotsa dela garrantzitsuena. Hotsa omen da pilotaren oihua, ezkutuko arimaren oihartzuna. Bizitza propioa omen du pilotak, eta dituen ezaugarrien arabera aukeratua izan behar da. Bata ala bestea, pilotariaren bizitzan 'partenaire' edo bikotekide ezinbestekoa da pilota. Partida bakoitza dantza antzeko erakuskizuna da, eta pilotariak jakin behar du zein motatako pilota komeni zaion ateratzea. Atano XIII.ak argi uzten du oraingo pilotariek gehiegi kexatzen direla pilotaz. Hobeto esanda, komeni ez zaienean kexatzen direla soilik.

Hor dago pilotaren 'Ethos' edo barne arauen aldakortasuna denboran zehar. Garai batean tinkotasuna funtsez koa zen pilotariaren jokaeran, adibidez Mondragonesek bere alde apustuak egiten zituen joka tzen ari zen bitartean. Atano X.ak dio, gaur egun galtzen dutenean, errua inori lepora tzen diotela pilotariek, intendenteari, bikotekideari edo azken unean, pilotari berari. Retegi II.ak aipatu izan zuen noizbait berak bere pilotekin eta aurkariarenarekin berdin irabazten zuela. Hori bai dela txapeldun 'Ethos'-a izatea.

Oteiza eta frontoiak

Oteizak bere ikerketa estetikoan frontoia hartu zuen pilotaren ezaugarritzat. Frontoia espazio hustua zen Oteizarentzat. Arindu eta hustu dira bai frontoien egiturak, eta horren adibide da Bilboko pilotalekuko beirazko errebotea. Teknologiak posible egingo luke gaur egun osotasunean beiraz egindako frontoia, erabat hustutako espazio gardena, baina bertan jokatuko li tzatekeenak jarraituko luke tradizioarekin lotura izaten. 'Pelota II'-n, ordea, deigarriena ez da espazio hustua, baizik eta hutsaren jazartzea. Oteizarentzat pilotaria paleolitikotik zetorren ehiztariaren ondorengoa zen eta pilota jokoa harriaren eta arroaren arteko dialektika magikoan gauzatzen zen. Leth eta Gonzalez Abrisketarentzat, pilotariaren ehiztari izaera beste modu batean azaltzen da, Aimar Olaizolak txakurra lagun duela mendirantz egiten duen peregrinazioan. 'Pelota II'-n magia alde performatiboan gertatzen da, Ogetaren paregabeko ezker-airean, Atano VII.aren ezusteko bolean edo Irujoren ezinezko sotamanoan. Unearen amiltzean gertatzen den magia da, kontingentziaren ondare hegakorra.

Hegakortasuna saihesteko pilotaleku garrantzitsuenetan memoriaren errepresentazioak bilakatu dira, pilotari nagusien argazkiak jarriz, alegia. Gallastegi eta Artazo Eibarren, Atano III.a Donostian, Garcia-Ariño, Artamendi eta Onaindia Bizkaian, Ogeta Araban. Oteizarena hutsaren estetika bazen, Leth eta Gonzalez Abrisketarena hotsaren hausnarketa da, pilotaren hotsa baita jokoaren ezinbesteko bihotza.

Temas

Bera

Fotos

Vídeos