http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pausoz pauso

Ohi denez, jendetza bildu zuen atzo Forondan EAJren Alderdi Egunak. Burujabetzara begirako bide propio eta pausoz pausokoa aldarrikatu zuten bertan buruzagi jeltzaleek, orain artekoari segida eman eta lortutako guztia borobiltzerainokoa

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Eguraldia alde, hamarka mila lagunek egin zuten bat atzo Forondako kanpan EAJren Alderdi Egunarekin. Beti da ospakizun berezia, bateko eta besteko kideekin topo egin, hitzaldi politikoetan esandakoa arretaz aintzat hartu eta jai giroko egun pasa egitekoa. Ez dago antzekorik gainerako alderdi politikoen artean, ez Euskal Herrian eta ezta kanpoan ere. Zeharo errotutako nortasunak eta mobilizaziorako aparteko gaitasun horrek erakusten dute EAJk oso berezko ezaugarriak dituela, behin eta berriz sortzen eta birsortzen direnenez, aspalditik iparra galdu eta siglak zintzilik dabiltzanenez eta momentuan momentukoenez haraindikoak. Alderdi politiko soila baino gehiago da jeltzalea: pertsona beti ardatz hartuta, euskal nazio eraikuntzaren zutabe nagusia; askapenerako mugimendu demokratikoa eta autogobernua ongizatearekin estu lotzeko tresna, besteak beste. Horrek guztiak eman dio nagusitasuna bertokoa kudeatzeko herritarrek bozkatu dutenero, eta horren isla da 1977tik honako Alderdi Egunetan bildu den jende oldea.

Aralarren duela 40 urte hasitakoak urteroko jarraipena izan zuen atzo, beti legez sasoiko arazo politikoei heldu eta irtenbideak eman guran. Egoera berezian etorri da aurtengoa, politika orokorreko osoko bilkuran lehendakariak mamiz betetako hitzaldia eskaini ostean, eta Kataluniako auzia pil-pilean dagoenean. Gernikako Estatutuak jaso eta duela ia lau hamarkadatik bete ez direnak behingoz eskuratzea eta aurrera begirako estatus berria lantzea dira bi lehentasun nagusiak. Hala, aurreko asteko gobernu bilerak bete gabeko konpetentzien zerrenda onartu zuen, Soraya Sáenz de Santamaría Espainiako Gobernuko presidente ordeari helarazteko. Horien artean daude Jaurlaritzak lehentasunezkotzat jotzen dituenak, presondegiekin eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoarekin lotutakoak, esaterako.

Baina Urkullu lehendakaria ez da horretara bakarrik mugatu. Urrats gehiago egin ditu eztabaida politikoa aberasteko. Horrenbestetan aipatu baina oraindik guztiz zehazgabea den etorkizuneko estatusari begira kutsu konfederaleko proposamena luzatu zuen Legebiltzarrean, eztabaida zabaltzeko osagai izan dadin. Aurrerantzean autogobernuari buruzko lantaldean aletu beharko da hori guztia, eztabaida eragin, asmoak kontrajarri eta neurriren batean partekatu eta adostasunerako bidea jorratzeko. Hau da, hausnarketatik tiraka ekin eta gero, lantaldean batzuen eta besteen iritziak aintzat hartu, oinarriak adostu eta testu artikulatu bat landu ahal izateko.

Atarikoetan dago oraindik egungo Estatutuaren ostean letorkeena, eta luzaroan prozesu hori adierazpenez elikatu da gehiegitan. Lehendakariak beste maila batera eraman du eztabaida honakoan, burujabetzarainoko ondorengo jauzia elkarrizketaren eta ahalik eta adostasun maila handienaren eskutik ahalbidetzeko. Estatuaren egungo lurralde eredua kolokan dagoenean, horren erreformak geldiezin ematen duenean, aukera historikoa zabal daiteke oso aspaldiko arazo politiko sakon bat behingoan bideratzeko. Urkulluk uko egin die beti bat-bateko burutazioei, errealitatean oinarri sendorik ez dutenei, aldarrikapen hutsalei. Eta hori da, hain justu, oraingoan ere erakutsi duena. Bere proposamena ondo neurtutakoa da, irtenbiderako osagaiak mahai gainean jartzen dituena. Dagoenari segida emanda eraikitzen jarraitzea da xedea, autogobernu mailan sakondu eta gaur bateraezin diruditenak bihar esparru partekatu batera gerturaraztea.

Irudimena eta malgutasuna ezinbesteko izango dira hurrengo belaunaldiei begirako itun berri bat ahalbidetzekotan. Gainera, eragile toxikoa den neurrian, ETA bazterrean geratu izanak horretan guztiz laguntzen du, 1979koaren onarpen maila zabaltzerakoan. Hortik aurrera, ondorengoa ezin da bete gabeko Gernikako Estatutuaren bertsio hobetu hutsa izan. XXI. mendeko euskal herritarren behar eta gurariei erantzun behar die, abertzaletasunaren sorrera eragin zuen muineko arazo politikoari erantzun ausart eta eraginkorrak emanez. Alde horretatik, PPk eta PSOEk ez lukete aukera alperrik galdu behar, usteltzen uzten dena gaiztotu besterik egiten ez delako. Estatu mailako bi alderdi nagusiek euste hutsean jarraitzeak ez du sekula deus konponduko, eta arazo berriak sortuko ditu. Ondorioz, ikuspegi historikoz jarduteko sasoia da. Honakoa horretarako inoizko aukerarik onena izan daiteke, Bigarren Errepublikaren garaian ordukoa kolpistek eragotzi zutelako eta Franco hil ostean baldintzak salbuespenezkoak zirelako.

Urkullu lehendakaria prozesu horren buru izatea bermea dela bere aurkari zorrotzenek ere badakite. Abertzaleenaren parekoa izanda alde guztietakoak aintzat hartzea bere ibilbide politikoaren ezaugarri nagusietakoa izan delako edo-ta ausardia politikoa aspaldi irabazia duen sinesgarritasunarekin beti egoki uztartzen duelako, besteak beste.

Duela urtebeteko hauteskundeek argi utzi zuten zein den euskal herritar gehienek gogokoen duten lidergoa eta aurrera begirako ildoa. Atzoko Alderdi Egunean berretsitakoa, hain zuzen. Euskadiri nazio aitortza egin dakion eskatzen duena, aldebikotasunaren aldekoa, euskal gizartearen borondatea uneoro aintzat hartzearen alde diharduena. Eta, aldi berean, pausoz pauso doana, eguneroko naziogintzan ari dena, lorpenez betetako ibilbidea duena. Guzti horren oihartzun izan ziren Forondan Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzarren hitzaldiak. Badago, beraz, zertaz hausnartu, zeren gainean berba egin eta eztabaidatu, zeri heldu, zertan sakondu, zer adostu. Katalunia oso gogoan, arazo politikoak bide politikoetatik konpondu behar direlako. Eskuzabaltasunez, jakina, baina herritarren borondate demokratikoari jarraiki. Horretan, EAJren jarduna ezin emankorragoa izan da beti. Eta oraingo bere ekarpenetan etorkizuneko adostasunen gakoa dago. Ziur.

Fotos

Vídeos