http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Paul Urkijo gasteiztarrak jasoko du FANT jaialdiaren Fantrobia saria

'Errementari' filma zuzendu du, bere lehen lana, besteak beste, Alex de la Iglesiak ekoitzia, eta martxoaren 2an helduko da Estatuko zinema aretoetara

SERGIO EGUÍA

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrari emango dio fantasiazko generoan nabarmentzen ari den figura aintzatesteko Fantrobia saria. Urkijok 'Errementari' filma zuzendu du, bere lehen lana, besteak beste, Alex de la Iglesiak ekoitzia, eta martxoaren 2an helduko da Estatuko zinema aretoetara.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Paul Urkijo Arte Ederretan lizentziaduna da, eta oso gazte hasi zen film laburrak egiten. 'El pez plomo' lanarekin hasi zen nabarmentzen eta lan horretan hauteman daiteke jadanik fantasiazko zinearekiko eta elementu folklorikoekiko zaletasuna. 'Jugando con la muerte' (2010), 'Monsters Do Not Exist' (2012), 'El Bosque Negro' (2015) eta 'Naara' (2016) hurrengo film laburrak sarritan izan dira aukeratuak eta sariak lortu dituzte nazioarteko jaialdietan.

Lau film labur egin ondoren, 'Errementari' (2018) lehenengo film luzean «bere obsesio partikularretan sakontzen jarraitu du», Joxe Migel Barandiaranen 'Patxi Errementaria' ipuin klasikoa moldatuz. Filman Arabako herrixka bateko errementari oso gaizto bat agertzen da, deabruak berak ere beldur dion errementaria, alegia. Sitgeseko Zimenaldian ikusi ahal izan zen filma, eta Ikus-entzuleen saria lortu zuen Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astean. Gainera, mundu osoko hamar zinemalditan aurkeztu da.

Bestalde, maiatzaren 4tik 11ra ospatuko den zinemaldiaren 24. edizioaren irudia aurkeztu du FANTek. Protagonista mamu zinezale bat da, hiriko txokoetatik atzera eta aurrera dabilena eta guztietara heltzen dena. Bere ohiko izara zuria jantzita, Bilbon ezinbestekoa den beste elementu bat darama: aterkia.

FANTen arduradunen esanetan, jaialdiak omentzen duen zine fantastikoan mota guztietako mamuak ikusi ahal izan dira: beldurgarri eta gaiztoetatik, arima oneko eta eskuzabaletara, baita barregarriak eta maitekorrak ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos