http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ene Parkea

Haurtzaroko lehen urte horietaz ez dut oroitzapenik, baina bai zenbait zuri-beltzeko argazki: jostailuzko auto batekin jolasten; izozki bat mesfidati aztertzen; aitaren besoetan negarrez...

Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Oraintxe zeharkatzen ari naizen parke honetan, –esan didatenez– nire lehen pausuak eman nituen. Haurtzaroko lehen urte horietaz ez dut oroitzapenik, baina bai zenbait zuri-beltzeko argazki: jostailuzko auto batekin jolasten; izozki bat mesfidati aztertzen; aitaren besoetan negarrez...

Oraintxe zeharkatzen ari naizen parke honetan, betiko itxura duen parkean, lehenengo ostikadak eta lehenengo ezuste galanta hartu nituen, eskolako kartera ahaztu nuela eta.

Belardien arteko bazter horretan, hain zuzen, hildakoarena egin nuen behin, gerretara jolasten ari nintzela. Horren gustura –eta nekatuta– nengoenez gero, unea luzatzea erabaki nuen. Ama, ziztu bizian nireganatu zen, konortea galdu ote nuen beldur.

Oraintxe zeharkatzen ari naizen parke honetan, gune horretan hain justu ere, zaindari potolo eta bibotedun batek isuna jarri zidan belardia zapaltzearren, eta, botereari aurre egiten lehenbiziko aldiz ikusi nuen ama.

Urte batzuen bueltan eta oraintxe zapaltzen ari naizen lurzorutik, berdez jantzitako gizon horiek borra-kolpeka ikusi nituen, nire gurasoek, ikarak jota, bertatik behingoan ateratzen ninduten bitartean. Urteak pasa ahala, Butanok zuen gordetegian izandako sutearen ondorioa izan zela jakin nuen. Etxerik gabe geratu zen jendetza, udaletxe aurrean dagoen parke honetan bildu zen irtenbide baten eske. Zenbait urte geroago, nik neuk egin behar nuen hanka, Oskorriren kontzertu batean norbaitek ikurrina atera zuenez gero.

Parke honen inguruan bueltaka eta bueltaka ibiltzen ginen udako arratsalde amaigabe haietan, pipitak eta lehenengo zigarro solteak nahastuz. Aurpegi baten bila nenbilen eta batzuetan, hamaikagarren bueltan edo, aurkitzen nuen. Bat-batean, gure begiradak elkartu ziren segundo batez, nire koadrilaren trufen artean... eta hori zen dena.

Baina orain zeharkatzen ari naizen parke honen palmondoen azpian, izan ziren, baita ere, geroago, barreak, musuak eta jai-amaiera ederrak, arrantzalez jantzita, zaindariak eta isunak desagertzen ari ziren garaian.

Aurrera jotzen dudan heinean, nire iraganaren aztarnak nonahi sentitzen ditut. Parke erdian altxatzen den musika kiosko eder horretan gure lehenetariko emanaldi bat eman genuen, halako erokeria bati 'emanaldi' deitu ahal bazaio. Ezin ahaztu jendetzaren ikara-aurpegiak.

Orain zeharkatzen ari naizen parke honetara etortzen ginen 'piper' egunetan, asteko goizetan apenas jenderik Ikusten ez zenean. Egun, erretiratuak dira jaun eta jabe. Horietako batzuek latino itxura duten laguntzaileak dituzte. Latindarra ematen du, baita ere, futbolean daudenen umeen artean Espainiako selekzioaren elastikoa duen bakarrak.

Orain zeharkatzen ari naizen parke honetan, oro har betikoa izanik, badago, ordea, aldatu den gauzarik. Horietako bat, beharbada deigarriena, izkina honetan zegoen aldizkarien postua. Urtez urte, bere kristalen atzetik, gure bizimodua nola aldatzen ari zen ikusteko aukera eman zigun. 'Cambio 16' eta bere titulu ausartak, 'Interviú'-ko lehenengo titiburuak, 'Punto y Hora' edo 'Garaia’, 'Fuerza Nueva'-ren ondoan kontraste egiten. 'Hermano Loboren' azal apurtzaileak ... Hori ez zen bakarrik prentsa-kiosko bat, hori –kasik– geure aldaketa sozialen ispilua zen.

Egun batetik bestera kioskoa itxi eta handik gutxira desmuntatu egin zuten betiko. Oraintxe zeharkatu dudan parke hau, ez da harrezkero berbera izan.

Fotos

Vídeos