http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Paradoxa existentzialak

Paradoxa existentzialak

Peru Magdalenak 'Ametsondoa' izenburua duen testu laburren bilduma plazaratu du

JAVIER ROJO

'Ametsondoa' izenburuarekin argitaratu den liburu honetan Peru Magdalenak testu laburren bilduma bat plazaratu du. Bertan agertzen diren testu horietako batzuk arazorik gabe aforismoen sailean kokatu litezke. Izan ere, laburrak dira, esaldi pare batekoak-edo, eta aforismoei ohikoa zaienez, ezkutuko errealitatea azaldu nahi dute, azaleko eta itxurazko errealitate faltsuaren azpian arakatuz. Beste testu batzuen ezaugarriei erreparatzen badiegu, narrazio laburren itxura dutela konturatuko gara. Hauetan flash moduko gertakari bat azaltzen zaigu, momentu batean distira bereziarekin argi egiten duena. Edonola ere, testu guztiek parabolak gogora ekartzen dituzte. Gertakaria kontatu, egoera azaldu zein aforismo moduko egia sakona plazaratu, testuak beste errealitate baten metafora moduan agertzen zaizkio irakurleari. Eta irakurlea halako itxura duten atalen aurrean esanahiaren bila murgiltzen da, dena ezkutuko esanahiz beterik agertzen baitzaio, edozein elementuren atzean ezinbestekoa den ideia sakona egongo balitz bezala. Eta parabola moduan azaltzen zaigun horretan mundu ikuskera bat planteatzen da.

Ametsondoa

Egilea
Peru Magdalena Narrazioak
Argitaletxea
ElkarDonostia, 2017. 100 orr.
Prezioa
11,00 euro (ePub: 6,99 euro)

Mundu ikuskera horretan bi elementu nabarmentzen direla esango nuke. Lehenengoa dagoeneko iradokita dago. Mundua bera paradoxatzat aurkezten zaio irakurleari. Munduan azaleko errealitatea dago, baina azaleko errealitate honen azpian beste errealitate bat ezkutatzen da, 'benetakoa', eta askotan bien artean kontraesan nabarmenak daude. Mundua ulertzeko ezinbestekoa da azalaren azpian begiratzen jakitea, oinarrizkora heltzeko. Bigarren ideia nagusiak telesail batean ('Life') behin eta berriro agertzen zen leloa gogorarazten du: bizitzan dena erlazionatuta dago. Munduan elementu guztiak osotasun baten zatiak direnez gero, edozein zatitatik abiatuta osotasunera hel gaitezke, metonimia erraldoi batean kateatuta egongo bagina bezala.

Egia da planteamendu hau oso 'zen' dela, eta liburuan apaingarri moduan agertzen diren irudi batzuek (zirkuluaren irudia, adibidez) horretara jotzen dutela. Baina planteamendu hau ironiari esker nolabait osaturik agertzen zaigu, idazleak, azken finean, ezin baitu ezkutatu mendebaldekoa dela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos