http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bisitaldi birtualak, Paleolitoaren altxorrak behar bezala ezagutzeko

Ventalaperrako kobazuloa./Karrantzako Udala
Ventalaperrako kobazuloa. / Karrantzako Udala

Labar-artearen arloko bitxikerietara hurbiltzeko aukera eskaintzen du Karrantzak igandera arte. Gero, erakusketa Mañaria eta Galdamesera eramango dute

JAN ECHEVARRÍA

Iraganera hurbiltzea beti suertatzen da interesgarri. Are gehiago, historian zehar Euskal Herrian izan diren asentatze desberdinak utzi duten aberastasun kulturala kontuan izaten badugu. Oraingoan, Karrantzako Turism0 Bulegoan ikusgai dagoen 'K. o. 2018. Paleolitikoa. Kobazulotik Pixelera' erakusketaz ari gara, non bisitariak Ventalaperra kobazuloaren altxorrak ezagutzeko aukera izango duen bisitaldi birtual baten bitartez. Interesdunak labar-artearen arloko bitxikeriak hobeto ezagutuko du Bizkaiko Aldundiak igandera arte antolatu duen ekimenari esker.

Hori nahikoa ez balitz, aldi berean, beste bi bisitaldi birtual egin ahal izango dira toki berean: Armintxe eta Santimamiñe haitzuloetakoak. Horrela, aste honetan Karrantzara hurbiltzea erabakitzen dutenek Paleolitoaren ikuspegi zabalagoaz gozatuko dute erakusketari esker. Izan ere, Armintxen (Lekeitio), duela 14.000 urte egin ziren berrogeita hamar grabatu inguru aurkitu dira, duten kalitate teknikoagatik eta aparteko ikusgarritasunagatik oso bereziak eta balio handikoak direnak.

Datu garrantzitsuak

Karrantzako Turismo Bulegoan
izango da erakusketa igandera arte, 10:00etatik 14:00etara. Hortik Mañaria eta Galdamesera joango da.

Lorea Bilbaok, Euskara eta Kulturako foru diputatuak, adierazi duenez, «Europan bakarrak diren altxorrak ditugu; zalantzarik gabe, Bizkaia eta Euskal Herri osoa munduko mapan kokatu dutenak». Horrekin batera, gaineratu du «erakusketa honen ondare-balioa handia da, eta, gainera, hainbat talderen arteko (teknikoak, arkeologoak, espeleologoak, geologoak...) lankidetzari esker egindako ikerketaren adibide argia ere bai. Lan horri esker sortzen den ezagutzak aberastu egiten du gure lurraldea». Bilbaoren arabera, «erakusketa hau gure lurraldean «garatzen ari den kobazuloko artearen kudeaketa-ereduaren emaitza da».

Antolatzaileek diotenez, erakusketa hau Euskal Herriko, eta, kasu honetan, Bizkaiko haitzulo askotan ageri den arte paleolitiko izugarri eta aberatsaren adibide txikia baino ez da. Azken urte hauetan erakunde, arkeologo eta espeleologoek garatu duten lankidetzari eta lan erkideari esker historiaurreko artea duten kobazulo hauetako artelan asko lehengoratzeko eta aztertzeko aukera izan da. Ezagunak ziren Ventalaperra (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi) eta Arenaza (Galdames) kobetatik aparte, orain sartu dira zerrenda horretan El Rincón (Karrantza), Askondo (Mañaria), Atxurra (Berritua), Lumentxa eta Armintxe (Lekeitio) edo Morgota (Kortezubi) bezalako beste kobazulo batzuk, adierazgarrienak aipatzearren.

Arte paleolitikoa eta euskarri digitalak

Karrantzan bisitatu daitekeen erakusketan kobazuloetan egin diren lanak eta lan horien emaitzak erakusten dira. Teknologia berrien laguntzarekin, erakusketan esperimentatu egiten da sormenarekin eta XXI. mendeko euskarriak erabilita, arte paleolitikoa oinarri tradizionaletan aurkezten diren sorkuntza berriagoekin lotzen da. Iraganetik gaur egunera egindako keinu bat, alegia.

Lorea Bilbao, Euskara eta Kulturako diputatua, eta Raúl Palacio, Karrantzako alkatea, erakusketaren inaugurazioan.
Lorea Bilbao, Euskara eta Kulturako diputatua, eta Raúl Palacio, Karrantzako alkatea, erakusketaren inaugurazioan. / Bizkaiko Foru Aldundia

Erakusketak era birtualean hiru kobazulo bisitatzeko aukera ematen du: Ventalaperra, Santimamiñe eta Armintxe. Begien bidez, bisitariak Bizkaian agertu diren arte-adierazpenik zaharrenak bisitatu ahal izango ditu, barru-barrutik eta berak bakarrik.

Miquel Barcelóren lanaren eskutik, bisitariak ikusi ahal izango du nola uztartzen diren arte paleolitikoa eta arte garaikidea eta digitala, eta bat-egite horren ondorioz espazio bakarra sortu dela, adierazpen horien arteko ezberdintasunak diluituz eta bisitaria ezohiko giro emozional eta berritzaile batean murgilduz. Kasu honetan, Armintxen aurkitutako grabatuen irudiak eta Barcelóren 'Las Calabazas' koadroak bat egiten dute, aparteko bideo-lan bat, bakarra, sortuz.

Karrantzako Turismo Bulegoan egongo da erakusgai otsailaren 18ra arte, astearteetatik larunbatetara, 10:00etatik 14:00etara. Erakusketa herriz herrikoa da eta Karrantzatik Mañaria eta Galdamesera joango da. Proiektu honen helburua Bizkaiko bederatzi kobazulo horien eredu digital bat sortzea da, pinturak, grabatuak eta bestelako aberastasunak herritarrei gerturatzea posible izan dadin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos