http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Osasun langileentzako ikerketa beken laugarren edizioa antolatu dute

Ikertzaile bat, probak egiten. / Alfredo Aguilar

BBK finantza erakundeak eta BioCruces Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Osasun Ikerketa Institutuak beste deialdi bat egin dute osasun ikertzaileei zuzenduta

ELCORREO.COM

Beka programaren beste deialdi bat egin dute BBK finantza erakundeak eta BioCruces Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Osasun Ikerketa Institutuak osasun ikertzaileei zuzenduta, gaixotasunen diagnostiko, tratamendu eta prebentzioan lagunduko duen ezagutza sortzen laguntzeko helburuarekin. Izena emateko epea uztailaren 15ean amaituko da.

Beken programaren arduradunek jakinarazi dutenez, aurtengoa laugarren edizioa da, eta talentudun profesionalak erakarri eta atxiki nahi dira euskal osasun sistemara, «ikerketa eta berrikuntza bultzatuz osasun espezialista berrien artean eta lankidetza sustatuz nazioartean ospea duten beste zentro batzuekin».

Beka hauen eginkizun nagusia profesionalentzako ikerketa edo berrikuntza asistentzialeko proiektuak finantzatzea da, baldin eta goi mailako espezialista titulua lortu baldin badute Osasun Sistema Nazionalean, medikuntza, farmazia, kimika, psikologia, erradiofisika edo biologia adarretan. Eskatzaileek prestakuntza espezializatua 2015, 2016 edo aurten amaituta izan behar dute.

Hautatuek 12 hilabeteko kontratua izango dute BioCruces Institutuan, irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean hasiko dena. Gainera, bekan 2-4 hilabete arteko egonaldia sartzen da nazioarteko zentro ospetsuren batean. Beka eskatzeko, hautagai bakoitzak ikerketa edo berrikuntza asistentzialeko proiektu bakar bat aurkeztu behar du, BioCruceseko ikerketa taldeetakoren baten babesa izango duena.

BioCruces Institutuaren eta BBKren arteko lankidetza hitzarmena ikerketa proiektu berriak bultzatzeko asmoz sortu zen medikuntzaren eremuan, betiere horien emaitzak herritarren osasun arreta hobetzeko lagungarri izan badaitezke. Halaber, beken deialdi hau BBKren «beka ekosistema oparoan» sartzen da, «horrela Bizkaiko gazteen gaikuntza eta beraiei kalitatezko lan aukerak eskaintzea bilatzen duelarik».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos