http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Olentzerok eta Mari Domingik etxea estreinatuko dute Uraren Ezkutuko Lorategian

Gorka Otsoa de Alda Angulok egindako bi irudi eta etxola bat izango dituzte, eta Mari Domingiren papera indartu egingo da aurtengo Gabonetan

I.AGOTE

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok 2017-2017ko kultura alorreko Eguberrietako programa aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. Urtero bezala, berrikuntza batzuk egin dira ohiko programazioan.

Olentzerok eta Mari Domingik etxea estreinatuko dute Uraren Ezkutuko Lorategian, horra berrikuntza nabarmenena. Gorka Otsoa de Alda Angulok egindako bi irudi eta etxola bat izango dituzte, eta Mari Domingiren papera indartu egingo da aurtengo Gabonetan.

Florida parkearen alboan egongo da irudidun etxola, eta bertan hartuko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik hiriko haurrak, eta bertan utzi ahalko dituzte gutunak, 10.00etatik 21:30era bitartean.

Zinegotziaren erabakia izan da, lehen egunetik beretik herritarrengandik jasotako eskakizunei erantzunez, zeinek eskatzen baitzuten hirian tradizio sendoa duten bi pertsonaia horiei eman zitzaiela merezi duten garrantzia eskultura bidez, hartara aprobetxatuz jaiotza monumentalaren balore kulturala, tradizionala, eta baita turistikoa ere.

“Aintzat hartu dugu Olentzerok eta Mari Domingik Gabonetan berezko presentzia izan dezatela eskatzen duen herritarren iritzia, eta baita tradizioak ez elkarren nahasteko eskatzen zuena ere; horrenbestez, jaiotza monumentaletik gertu kokatu ditugu, baina aldi berean gune berezi eta independentea sortuta”, esan du Estíbaliz Cantok.

“Gainera, aurtengo Gabonetan – jarraitu du Kulturako arduradunak – Mari Domingik protagonismo gehiago izango du, eta hartara beste konpromiso eta beste eskakizun bati erantzungo diegu; izan ere, Olentzerori laguntzen dion pertsonaia ezin da izan etxekoandre huts, baizik eta haren pareko lankidea, berdintasun osoz Gasteizko haurak oparien bidez poztuko dituena”.

Ildo horretatik, Sailak jakinarazi du bi ekintza gehiago egingo dituela aurtengoan Olentzero eta Mari Domingiren inguruan, desfileko berezko karroza eta balkoiko diskurtsoaz gain. Batetik, aurten Mari Domingik haurrak hartuko ditu, Olentzerorekin batera. Halaber, Sailak gutunak bidaliko dizkiete ikastetxe guztiei, pertsonaiari dagokion garrantzia emanez, eta zentroetako jardueretan pertsonaia biei berdintasunezko tratua ematera animatuz.

Olentzero eta Mari Domingiren etxea zein Jaiotza monumentala abenduaren 5eko 16:00etatik urtarrilaren 7ra arte egongo da irekita. Olentzero eta Mari Domingiren etxean gutunak uzteko ordutegia 10.00etatik 21:30rainokoa izango da. Jaiotzako haitzuloa, berriz, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era zabalduko da. Jaiotza abenduaren 24an bedeinkatuko da, 13:00etan.

Desfileak, Olentzero eta Mari Domingirena, eta Errege Magoena

Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira gure hirira, ume guztien artean opariak banatzera. Gasteiztar txikienek hain maite duten bikotea zenbait galtzagorrik lagunduta iritsiko da, eta haurrak hartuko dituzte (biek batra lehen aldiz), 10.00etatik 15:00etara bitartean.

Desfilea Iparralde gizarte etxetik aterako da, 18:00etan, eta ibilbide hau egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, eta Espainia plaza. 375 pertsonak hartuko dute parte.

Errege Magoak, berriz, goizeko 11etan iritsiko dira Gasteizko tren-geltokira. 11:20 aldera, udaletxeko balkoi nagusira aterako dira agur egitera. 12:15etik 18:00etara haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian, eta bidezko merkataritzako piruletak banatuko dituzte.

Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik, eta ibilbide hau egingo du: Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da. Desfile horretan 390 pertsonak hartuko dute parte.

Eguberrietako beste ekitaldi batzuk

Arabako Abesbatzen Elkarteak 27 kontzertu egingo ditu abenduaren 22tik urtarrilaren 3ra arte, gabon-kantak abestuz. Halaber, eta kale ea plazak animatzeko asmo berberarekin, 5 fanfarre ibiliko dira oinezkoen alderdian gora eta behera, abenduaren 23tik 31ra bitartean.

Bestetik, Mendizorrotzeko Haur Ikuskizunen XIII. Erakustaldian, abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra bitartean, milaka haurrek beren pertsonaia gustukoenak ikusi ahalko dituzte. Guztira lau ikuskizun eskainiko dira: “El libro de la selva, la aventura de Mowgli”, “La loca historia de la bella durmiente”, “Rockin’ Bizi” eta “Kontukantari”.

Butaka Txikia programan, berriz, umeentzako 8 ikuskizun eskainiko dira gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan: antzerkia, txotxongiloak eta musika, kalitateko proposamenak beti. Ikuskizunak eskainiko dira abenduaren 26, 27, 28 eta 29an, eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 7an, eta sarrerak abenduaren 16ko (larunbata) 10.00etatik aurrera izango dira salgai, bost euroko prezioan.

Azkenik, aurten Kirol Zerbitzuak hartuko du berriro ere izotz-pistaren kudeaketa. Zabalik izango da Andre Maria Zuriaren plazan, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra arte, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 22:00etara bitartean. 2,5 euro ordaindu beharko dituzte 16 urtetik beherakoek, eta 4 euro 16 urtetik gorakoek. Txirristaren prezioa, berriz, 0,80 €-koa izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos