http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Oinezkoen ibilbidearen baldintzak hobetzeko lanak hastear daude Zugatzarte Etorbidean

Proiektua gauzatzeko epea bi hilabetekoa izango da eta bere aurrekontua 70.000 eurokoa

ELCORREO.COM

Areetako Zugatzarte Etorbideko oinezkoen ibilbidearen baldintzak hobetuko dira Udalak pasealeku hori berrurbanizatzeko gauzatuko duen proiektuari esker, Udal Gobernuak (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta PPk adostutako hitzarmenaren emaitza. Pasealekua, getxotarrek gozatzeko asko erabiltzen dutena, proiektu horren jarduketa nagusia izango da. Proiektua gauzatzeko epea bi hilabetekoa izango da eta bere aurrekontua 70.000 eurokoa. Momentu honetan, espedientearen tramiteak egiten ari dira lanak esleitzeko.

Lehenengo fase honetan bi tokitan egingo dira lanak: Club eta Andrés Larrazabal kaleen arteko zatian eta Zugatzarte etorbidearen eta El Pinar kalearen elkargunean. Lehenengoan, espaloia zabaldu eta zolatuko da eta bertan dauden zeharkako maldak erregularizatuko dira. Halaber, zazpi banku berri ipiniko dira, luzera desberdinekoak, diseinu irisgarria izango dutenak eta euskarri hormigoizko bankada bat izango duena.

Bigarrenean, beste bi jarduketa egingo dira: horietako bat, jolaslekuan irisgarritasuna hobetzeko, espaloi aldean (horretarako, egungo sarrera bota eta berri bat egingo da); eta bederatzi banku ipiniko dira, horiek ere irisgarriak. Bigarren jarduketa puntual batek Zugatzarte eta El Pinarren elkarguneko eskumako aldean izango du eragina, espaloiko zoladura zati bat, berdegunean dagoena, desegingo baita, berdegune hori erregularizatuta gera dadin.

Azkenik, bost banku berri kokatuko dira Club eta El Pinar kaleen arteko tartean, orain daudenak kendu ondoren; arestian aipatutakoaren parekoak izango dira.

Proiektu hau, Zugatzarteko pasealekuko beste alderdi batzuetan dagoeneko eginda dauden lanen jarraipena da, hala nola aurtengo apirilean Andrés Larrazabal eta Club kaleen artean dagoen berdegunea zabaltzeko lanak, hain zuzen ere.

Horrenbestez, urratsez urrats ari da Udala pasealeku berezi hori itxuraldatzen eta hobetzen, Areeta auzoko bizilagunen zein udalerri osokoen gozamenerako.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos