http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Oinarrizko kirolean euskararen erabilera normalizatzeko sentsibilizazio kanpaina berria antolatu du Bilbok

Umeak futbolean jolasten./Fotolia
Umeak futbolean jolasten. / Fotolia

Igor Anton, Iraia Iturregi, Ainhoa Tirapu, Ainhoa Azaola, Borja Mendia, Asier Garcia eta Danel Elezkano kirolariek parte hartuko dute, besteak beste

ELCORREO.COM

Bilboko Udalak sentsibilizazio kanpaina berria sustatu du oinarrizko kirolean euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin. Lortu nahi dena da umeek eta gazteek kirola egiten dutenean euskaraz komunikatzea, elkar eragitea, ikastea eta ondo pasatzea. Horrez gain, kirolari eta euskarari lotuta dauden balioak bultzatu eta zabaldu nahi dira, hala nola nortasuna, osasuna, ahalegina, adiskidetasuna eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna.

Kanpaina zeharkakoa eta partekatua da, eta Gazteria eta Kirol Saila eta Euskara eta Hezkuntza Saila dira bultzatzaileak. Ekimen honekin, 'Bilborako Kirol Etrategia' eta 'Udal Gobernu Plana 2015-2019' betetzen eta garatzen jarraitzen duela esan du Bilboko Udalak. Ekimenotan ezarri den helburua da gizarte eta hezkuntza arloko eta kiroletako jardueretan euskararen erabilera piztea.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, alde batetik, zuzeneko emanaldiak eskainiko dira euskaraz lehen aldiz oinarrizko kirol partidetara doazenentzat. Gainera, kirol elkarteekin topaketak egingo dira, euskara kirol klubetara eta zelaietara zabaltzeko garrantziaz ohartarazteko. Lehenengo fasean, lankidetzan arituko dira lau kirol klubekin, beste horrenbeste modalitatetakoak: saskibaloia, errugbia, eskubaloia eta futbola. Helburua da apurka ahal denik eta klub eta modalitate gehienetara zabaltzea.

Bestalde, eskoletan, barrutietako udal zentroetan eta kirol instalazioetan duela hamar urtetik kirolari gazteenentzat egiten diren tailer eta hitzaldiak egingo dira berriro.

Emanaldiak eta topaketak, zein tailerrak eta hitzaldiak, kirol eta enpresa arloko elkarteetan euskararen eta kalitatearen alde diharduen Eusport enpresak emango ditu. Koikili Lertxundi Athleticeko jokalari ohiak kudeatzen du enpresa.

Emanaldiak

Horrela, Bilboko Udalak ahalegina egingo du oinarrizko kirol modalitateetako partidak zuzenean eta euskaraz emateko. Hasteko, Bilbon ohikoenak diren kirolak hautatu dira. Horrela, San Adrianeko eskubaloi taldearen, Deustuko futbol elkartearen, Universitario Rugby Bilbao taldearen eta Begoñazpiko saskibaloi taldearen partidak izango dira zuzeneko emanaldiak izango dituzten lehenak.

Alderdi hau osatzeko, zuzeneko elkarrizketak egingo zaizkie euskaraz talde horietako teknikariei, jokalariei, familiei eta zaleei. Gainera, klub horiekin bilduko dira kirol zelaietan, taldeotako arduradunak euskara egitearen garrantziaz ohartarazteko.

Zuzeneko emanaldiak eta elkarrizketak larunbatean hasiko dira, apirilaren 14an, El Fango kiroldegian, Universitario Rugby Bilbaoren eta Hernani Rugby Elkartearen artean jokatuko duten Euskadiko Errugbiko finalaurreko partidan. Neurketa 12.00etan hasiko da eta ikusleei euskara erabiltzera eragiten duten zenbait pegatinak banatuko dira.

Tailerrak eta hitzaldiak

Halaber, kanpainaren barnean 15 tailer egingo dira, Euskal Coaching izenekoak. Tailerren helburua da euskararen erabilera sustatzea 8 eta 12 urte bitarteko gazteen aisialdiko jarduera nagusietan, alegia, kiroletan eta teknologia berrien esparruan. Tailerrak duela hamar urte hasi ziren egiten hiriko ikastetxe batzuetan, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde ere lan egiten da.

Era berean, bost hitzaldi antolatuko dira 10 eta 18 urte bitarteko kirolarientzat eta haien senide eta entrenatzaileentzat. Hitzaldiak barrutietako udal zentroetan eta kirol instalazioetan izango dira, eta futbola, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, esku pilota eta herri kirolak izaten dira gaiak.

Tailerrak kirolariek eskaintzen dituzte, eta orain arte hizlari izan dira Igor Anton eta Amets Txurruka txirrindulariak, Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu futbolariak, Matxalen Ziarsolo eta Ainhoa Azaola eskubaloi jokalariak, Borja Mendia eta Asier Garcia saskibaloi jokalariak eta Iratxe Benito eta Danel Elezkano pilotariak.

Kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko konpromisoan, Bilboko Udalak Bilbao Kirolak erakundearen bidez euskaraz eskaintzen dituen jarduerak nabarmen igo dira. Zentzu honetan, 2015ko urtean 19 ikastaro eskaini ziren, eta aurten 294 eskainiko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos