http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Objektuen iraultza

Biniloen kolekzioa.
Biniloen kolekzioa. / A. Gómez

Betidanik kontrakoaren alde egin arren, gero eta hobeto ari naiz dekorazio minimalista ulertzen

ROBERTO MOSO

Maite ditugun objektuez inguraturik bizitzea atsegin dut... edo hori sinetsi nahi nuen, orain dela gutxi arte. Betidanik kontrakoaren alde egin arren, gero eta hobeto ari naiz dekorazio minimalista ulertzen.

Azken bolada honetan etxeko gauzek nirekin hitz egiteko ohitura hartu dute, eta, gehienetan, ez dira oso kalaka gozoak izaten, egia esan. Askotan, nire ipurdi nekatua mugiarazi besterik ez dute egin nahi, kabroi zikin horiek.

Nire biniloen bilduma, adibidez, beti matraka berdinarekin dabil, jo eta su: «Aizu, bada garaia gutaz ardura tzeko, ez? Zer uste duzu, hautsa pilatzeko besterik ez dugula balio ala? Ba hori dirudi azkenaldian. Bai, badakigu denak ez garela zure gustukoak. Gurekin tartetxo bat igarotzen duzun bakoitzean haserretu egiten zara, zure diskorik gogokoenak ez direlako inondik ere ageri, baina tira, hori ez da gure erruagatik izan. Auskalo nori utzi zenizkion eta zer helbururekin. Gu gara geratu garenak eta gutariko batzuk balio handikoak izango ginateke, bigarren eskuko orrialde batean salgai jarriz gero... mugi zaitez txo!».

Gero liburuak daude, mezu ezberdinekin. Nire begirada telebistako pantailatik pitin bat desbideratuz gero, hor agertzen dira guztiak. Batzuk oroitzapen onez beterik daude eta haien izenburuekin topo egitean, irribarre lelo bat marrazten zait aurpegian: 'El otro árbol de Gernika', 'Alta fidelidad', 'Guillermo y el cohete a la Luna'..., baina bat-batean, hor daude besteak, adarra jotzeko ohitura dutenak. 'Hil baino lehenago entzun behar dituzun mila eta bat sisko' izenekoak, esate baterako, egundoko nekea sortzen dit. Norbaitek oparitu zidan munduko intentziorik onenaz, ezbairik ez, baina kasu egingo banio, hemendik aurrera eta nire heriotzaren eguna arte disko horiek entzutea baino ez nuke egingo. Ez, eskerrik asko. Batzuetan, edozein orrialdetan zabaltzen dut liburua, eta hor agertzen dira, ezinbestean dastatu behar ditudan jakiak: 'ABBA- The Visitors' edo 'Laibach: Opus Dei'... benetan ez ote dut gauza hobeagorik egiteko, disko horiek eta gainerako bederatziehun eta laurogeita hemeretziak entzutea baino?

Oraintsu, argazkiak ditut temati samar: "Aizu, astapotro hori, noiz arte egongo gara kutxa ziztrin honetan gorderik? Ez al duzu ikusten zure lagunik txukunenek egiten dutena? Gaur egun oso liburu politak egiten dira gurekin. Bakarrik denbora pixka bat behar dugu, eta jakina, inbertsio txiki bat ere bai... Horrela jarraituz gero zure oroitzapenak betiko galduko dira. Hori da nahi duzuna, tentel horrek?".

Batzuetan, amesgaizto bat izango bailitzan, denak batera oihuka hasten dira: Kartoizko kutxetan pilatuak ditudan CDak, alabek ahaztutako DVDak, tiraderan usteldutako kaseteak, ganbaran galdutako aldizkariak, etxeko dokumentu gorrotagarriak, sekula zabaltzen ez diren entziklopediak, jotzen ez diren musika tresnak, aspaldian paretatik jausi ziren koadroak... "Lasai –xuxurlatzen diet orduan– badakizue oso lanpetuta nabilela. Laster oporrak etorriko dira eta banan-banan zuetaz, guztiez arduratuko naiz, benetan". Oihuz eta txistuz erantzuna datorrenean badakit: horixe bera da kalera ihes egiteko unea. Azkar gainera.

Urte hauetako San Joan gauren batean konponduko dugu afera betiko, arraioa!

Fotos

Vídeos