http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nora goaz

Harizpetik

Autogobernuari buruzko Eusko Legebiltzarreko lantaldea aspaldion dabil ekinean etorkizuneko estatusa zehatz landu aurreko hainbat hausnarketa biltzen. Eta erabaki eskubidea ezinbesteko osagaia izango da bide horretan.

Eusko Legebiltzarra./Efe
Eusko Legebiltzarra. / Efe
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Gernikako Estatutuak oraindik eman ditzakeenak jasotzeko ahalegina bazter utzi gabe, euskal erakundeak buru-belarri ari dira lanean aurrera begirako autogobernu esparruaren nondik norakoak finkatzen. Lan handia egin da orain arte Eusko Legebiltzarrean, hainbat adituren esperientziak eta iritziak jaso eta gutxieneko adostasunak ehundu guran. Bertako alderdi guztiek dakite ez dela erraza izango, funtsezko zenbait konturen inguruko jarrerak oso urrun daudelako. Datozen hilabeteotan berriz eutsiko zaie saiakerei, azaroaren 13ko bileran erabaki eskubidea jorratzea erabaki eta gero. Abenduko egun berean egingo dute topo berriz, hilabeteon estatus politikoaren erreformari buruz oinarri-oinarrizko bat egiterik somatu ote duten aztertu eta gero.

Zaila izango da, zinez. Ez horrenbeste eskumen baten edo bestearen inguruko ezadostasun sakonengatik, baizik eta horiek guztiak bildu behar dituen muineko estalkia dela eta. Erabaki eskubidea da eragile politikoak gehien urruntzen dituena; EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu, bakoitza bere erara, erritmo eta baldintza propioekin, orohar horrekin bat datozen bitartean, PSE-EEk eta PPk aurre egiten diotelako guztiz. Kontua da euskal gizarteari ote dagokion bere etorkizuna mugarik gabe erabakitzeko eskubidea, aurretiaz adostutako bermeekin baina urrats oro egiteko ahalmenarekin. Abertzaleek eta Ahal Duguk burujabetzaren alde egiten dute, azkenok independentziaren hautuaren aurka egiteko izan arren. Sozialistek eta popularrek, aldiz, ez diote euskal gizarteari azkeneraino joateko eskubiderik aitortzen, ezta horretarako gehiengo zabal bat balego ere.

Kataluniako prozesuak bertoko eztabaidan eragingo du, nahitaez. Nahasi samarra izan da han jazotakoa, batik bat azkenengo txanpan. Errepublika aldarrikatu ostean Govern-a Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez indargabetu eta bere kideak erbestean edo kartzelan daudela, Rajoyk deitutako hauteskunde autonomikoetan parte hartuko dute alderdi guztiek, CUP barne. Praktikan ezerezean geratu da politikoki hain indartsu eta erabakigarria izan beharko litzatekeena, eta dagoeneko bultzatzaileetako batzuek esana dute Estatu berrirako ustezko jauzi hori 'keinua' besterik ez zela izan, negoziazio bat behartzeko edo. Hala, kolokan geratzen da independentziara begirako Kataluniako bidea, ez delako batere eraginkorra izan, Europan ez duelako behar besteko gutxieneko babesik jaso eta, batez ere, horren atzean egon diren eragile nagusiak aldebakartasunari uko egitekotan daudelako.

Egungo Europan independentzia kontzeptua dezente aldatu da duela zenbait hamarkada eta, zer esanik ez, duela mende bete zuen esangura aintzat hartzen bada. Elkarren arteko loturak zein horien araberako lankidetza maila inoizko estuenak dira, eta hainbat arlotan, monetarenean besteak beste, batasun proiektua bururaino eraman da. Baina gabezien artean Estatu ez diren nazio izaerako eremuen ezinegona dago, bigarren mailako sentitzen direlako. Eta badira dagokien Estatuan bereziki gustora ez daudenak ere, besteen pareko izateko aukerari eutsi nahi izango lioketenak. Eta horrek ez du esan nahi horietan Europako baloreen alde sutsu egiten ez denik edo-ta beste inor gutxiesteko edo menpean hartzeko euren zilborrei begira ari direnik. Nazionalismo erabat demokratikoak dira, gizabanakoa ardatz hartzen dutenak, munduari begirako ikuspegi guztiz homologatudunak. Horiei ezin zaie bizkarra eman, ez dagozkien ezaugarri gaiztoak eransten saiatuta; demokrazia orotan elkarrizketarekin bideratu beharreko arazo sakon baten adierazgarri direlako.

Zilegizkoa da nazio izaerako herrialdeetan independentziaren alde dihardutenek euren egitasmoa azkeneraino eraman nahi izatea. Horrek gizarte bakoitzean izango duen indarra eta, beraz, gehiengo zabal zeharkakoak biltzeko aukera, dagokion Estatuaren jarreraren araberakoa izango da. Horien gutxieneko eskakizunak asetu eta nolabaiteko oreka harmoniotsu bat lortzekotan izango da elkarlanerako modurik. Bestela, bide politikoek porrot egindakoan, gatazka demokratikoki konpontzeko mugarik gabeko erabaki eskubideari eutsi beharko zaio. Estatuen baitako nazio txiki horietako asko demokraziarekin zerikusirik ez zuten prozesu historikoen bidez bildu zituzten gerora corpus nazional banaezin bihurtutakoetara, maiz indarra, zatiketa eta ukazioa baliatuta. Horregatik da ezinbestekoa Europa demokratikoan dagokien aitortza eskaintzea, Estatuen baitan gizarte horietako bakoitzaren anbizioen araberako autogobernurako akordio politikoak erdiestea. Hortik aurrerako 'tentsio' modukoak erabakiko du nahikoa den ala ez, zenbat belaunaldiro egokitu behar den. Euskal Herriari dagokionez, Europa topagune izan daiteke, EAE, Nafarroa eta Iparraldearen arteko lankidetza ahalbidetu eta estutzeko, Estatuen errealitatearen pareko bestelako bat osatu ahal izateko.

Dinamika politiko horretan, salbaguardia bihur daiteke erabaki eskubidea. Ez erasokor edo zatikatzaile baliatzekoa, baizik eta bere burua naziotzat duena babestekoa. Aldebikotasunak oreka esan nahi du, elkarren arteko errespetua, bestea aitortu eta norbere burua aitortua ikustekoa. Eta gizarteek erabakitzen dute harreman horretan muga non jartzen den, zein tresna diren beharrezko aldikako testuinguru politiko jakinei aurre egiteko. Hala, euskal herritarren gehiengo zabal batek eskubide horren jabe izan nahi du, nahiz eta sozialistek eta popularrek aurkakoa iritzi. Eta nekez adostuko da osagai hori bete-betean bere egiten ez duen estatus berririk. Badago horretarako formularik, gura izanda egungo legedian traumarik gabe txerta daitekeenik.

Euskal autogobernuaren muinekoak Ciudadanos buru duen erasoaldia jasaten ari direnean, ezinbestekoa da Gernikako Estatutuaren eta ondotik letorkeenaren defentsa irmoa egitea. Eta bultzatu gura den homogeneotasunaren aurka jotzea. Azken honek ez duelako zerikusirik bateko zein besteko herritarren arteko elkartasunarekin, ikuspegi nazional jakin bat gainerakooi inposatu nahi izatearekin baizik. Zuhur jokatzeko ordua da, lortutako guztia ondo babestekoa, elkarrizketa eta negoziazioa goiburu izatekoa; baina, besteen jokabidearen arabera, norbere buruari mugarik ez jartzekoa.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos