http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zurekin

Nola ikusi dute euskal musikariek Zea Maysen 20 urteko ibilbidea?

Zea Mays taldea./
Zea Mays taldea.

Bilboko taldeak lan berri bat atera du bi hamarkada oholtza gainean daramatzala ospatzeko. Proiekturako lagunak oso gertu izan ditu

Silvia Cantera
SILVIA CANTERA

Iaz 'Harro' argitaratu zutenean, lagun onak hurbil izatearen garrantziari buruz hitz egin zuten. Zea Mays taldeko kideek beste musikarien laguntza eskatu zuten momentu hartan diskoaren azalera diseinatzerako orduan, baita instrumentu batzuk zenbait kantetan grabatzeko ere. Oraingo honetan, Bilboko laukoteak bere diska berria egiteko ez du ia estudioa zapaldu.

Hala ere, urte osoko lana izan da. '20 urte' euren buruei egindako «oparia» dela diote, baina haien jarraitzaileek ere miresgarritasunez jaso dute. «Gure abestiak ezagutzen ditugun musikari desberdinen artean banatzea erabaki genuen», azaldu du Aiorak Renteriak, taldeko abeslaria. 13 talde eta musikariek Zea Mays-en kantarik arrakastatsuenak moldatu dituzte remix sorta bat sortu arte. Bakoitzak bere kabuz. «Askatasun osoa eman diegu -dio abeslariak-. Grabazio originala bidali genien, pista desberdinetan banaturik eta bakoitzak nahi izan duen abestia sortu du. Haien erara moldatu dituzte», komentatu du.

«Oso interesgarri eta hunkigarria izan da banan-banan kanta berriak jasotzea. Izan ere, artista bakoitzaren estiloa oso nabarmena da», adierazi du Renteriak. Diskoan Belako, WAS, Esne Beltza, Las Tea Party, Grises eta Empty Files bezalako taldeek hartu dute parte. Haien kabuz, baina guztiek batera, aurten Zea Mays taldeak bete dituen 20 urteen ospakizunean parte hartu dute.

Gainera, Zea Mays-ek ateratako lanak DVD bat dakar. Bertan bi zuzenekoetan gertatutakoa ikus daiteke. Lehenengo atalak iaz Kafe Antzokian emandako kontzertu baten une desberdinak erakusten ditu. Bertan ere, lagunak egon ziren. Izan ere, laguntzaileen zerrenda nahiko luzea izan zen. Doctor Deseoko Francisekin batera Aiorak 'Abrázame' kantatu zuen eta taldeak Eskorbutoren 'Antidoto'-ren bertsioa egin zuen, esate baterako. «DVD-ak momentu horretan izandako sentsazioak berriro izateko aukera ematen digu. Ikusten dugun bakoitzean, une konkretu horretara eramaten gaitu», dio Renteriak.

DVD horretan, beste hiru «harribitxi» sartu dituzte. Fernando Velázquez konposatzailearekin eta Orkestra Sinfonikoarekin batera iaz grabatutako abestiak agertzen dira Kafe Antzokiko kontzertuaren atalaren amaieran.

«Durangoko Azoka oso hurbila da»

'20 urte' aurkezteko, talde bilbotarra Durangoko Azokan izango da. Aurtengo diskoa eta zaharrak ere bertan izango dituzte saltzeko eta euren jarraitzaileekin musikari buruz hitz egiteko asmoz. «Azoka oso hurbila da. Jendeak zure abestiek zer sentiarazten dion esaten dizu», dio Renteriak. Gainera, abeslariak disko eta liburu asko erosteko intentzioa duela ere aitortu du, Berri Txarrak taldearen azken lana, esate baterako. «Ekitaldia benetan berezia da guretzat».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos