http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

«Nire tokia taula gainean dagoela sentitzen dut»

Iratxe Mugire barakaldarrak hiru urte behar izan ditu bere azken diskoari forma emateko.
Iratxe Mugire barakaldarrak hiru urte behar izan ditu bere azken diskoari forma emateko. / FERNANDO GÓMEZ

Iratxe Mugire abeslariak ‘La piel transparente’ diskoa kaleratu du, gitarraren soinuaz lagundutako hamaika abestik osatua

IRAITZ URKULO

Iratxe Mugire barakaldarrak (1984) ‘Innis Fodhla’ izeneko lehen diskoa kaleratu zuen 2002an. Harrezkero, musikaren munduari lotuta jarraitu du. Une honetan, ‘La piel transparente’ lan berria aurkezten ari da. Autoekoizpenaren bidetik jo, eta hiru urte behar izan ditu diskoari forma emateko. Egileak berak euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz konposatutako eta abestutako hamaika kanta. Nabarmentzekoak dira eskaintzaren soiltasuna eta ekoizpen zaindua, izan ere, Mugirek bi gitarren laguntza baino ez du behar bere ahots goxo garbia janzteko. Eta, halere, biluzik ageri da bere letretan, sakon eta zintzo. Merezi du haren kontzertu intimoetako batera joatea… ezetz hunkitu gabe irten!

-Zergatik erabaki duzu orain, lehen lana kaleratu zenuenetik hainbeste denbora pasatu eta gero, disko berri bat ateratzea?

-Disko honen atzetik ibili naiz urte hauetan guztietan, eta momentu egokia eta baldintza egokiak batu direnean jaio da. Nigatik izan balitz, lehenago jaioko zen, baina urte hauetako esperientziek eta ikasitako guztiak heldutasuna eman diote lanari, eta eskertzen dut.

-Autoedizioaren bidetik jo duzu. Horrek askatasun osoa emango zizun, baina baita lan handia ere.

-Hori da ordaindu beharreko prezioa. Saria, momentu oro nork bere obraren eta bere erabakien kontrola izatea da. Merezi du. Baina oso erabaki kontzientea izan behar du, askotan latza delako; egunak hogeita lau ordu ditu, eta disko bat ekoizteko garaian denbora bi zatitan banatzen da: soldata bat bermatzen dizun lanbideari eskainitakoa eta inbertsio bat behar duen proiektu batean lan egitekoa. Horregatik luzatzen dira hainbeste honelako ekoizpenak.

-Diskoa presarik gabe eta mimoz egindako lanaren emaitza da, ezta?

-Hiru urteko proiektua izan da, nahiz eta abestiak aldez aurretik idatzitakoak ziren, bakoitza garai batean. Horietatik batzuk aukeratu nituen diskoa osatzeko. Astiro egin dugu aurrera, baina tinko, lanari eutsiz eta gelditu gabe.

Norbaiti laguntzea

-Zergatik abesten duzu? Zertarako? Norentzat?

-Arimatik irteten zaidalako abesten eta idazten dut, neure buruari esan behar diodalako abestietan esaten dudana, neure buruaren kontzientzia hartzeko, mundua metabolizatzeko. Naizenarekin kontaktatzeko. Baina gutako bakoitzak bihotza zabaldu eta kon-tzientzia agerian uzten dituenean, horrek eragina du besteengan. Norbaiti lagun-tzen diola pentsatu nahi dut. Inor nire musikarekin hunki-tzen denean ohartzen naiz badudala funtzio bat, eta hori oso handia da.

«Abesti guztiak ez ditut argitaratzen, abesti gehiago dago etxean kalean baino»

-Nola definituko zenuke zure musika-estiloa?

-Ez daukat definiziorik eta ez dut bilatzen, estilo bat bila-tzen ez dudan bezala. Disko honetan kutsu ezberdin asko daude: country, rumba, folk, tex-mex… Baina, ‘Hemeretzi primadera rock’ abestia izan ezik, rock estilokoa dena argi eta garbi, abestiak ez dira ez bata ez bestea, euren esentzia mantentzen dute estilo bat baino gehiago nahastu arren.

-Soiltasunaren eta doinu goxoen alde egiten duzu.

-Gauzak kontatzeko modu bat da, eta oraingoan horrela egin dugu, instrumentu gutxirekin baina ekoizpen oso zainduarekin, soinu garbia eta hurbiltasuna bilatuz. Doinu goxoz jantzirik, sakontasun handiko letrak daude, eta horiek ez dira beti hain goxoak…

-Zeri buruz dihardute zure letrek?

-Bizitzaz, zertaz bestela; neure buruaz, neure esperientziaz eta eboluzioaz, neure ikasketez, munduarekin dudan harremanaz. Eta, aldi berean, hori guztia unibertsala da, beraz, nitaz dihardute, baina baita ni ez naizen horiez ere.

-Euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz abesten duzu. Transmititzeko gaitasun berbera duzu hizkuntza guztietan?

-Euskara eta gaztelania nire eguneroko hizkuntzak dira, eta galegoa ere hainbat urtez nire eguneroko bizitzaren parte izan zen. Abesti hauen hi-tzak nire bihotzetik irten dira, eta hizkuntza momentu haietako bakoitza ekartzeko bidea, garraiobidea izan da. Ni hunkitzen nauena eta kontatzen dudana autentikoa da, horregatik lortzen dut entzuleengana iristea, ez letren hizkuntzagatik.

-Abestiak inspirazioaren emaitza dira? Ala konposa-tzeko metodo edo ohitura zehatzak dituzu?

-Biak beharrezkoak dira, inspirazioa eta lana. Arimak hitz egiten du, zerbait kontatzeko gogoa du eta indar handiz bultzaka hasten da; abestia jaiotzen denean, nolabait, indar horri konektatuta nago. Baina horren atzetik lan handia dago, momentu horren aurretik eta geroago. Abesti guztiak ez ditut argitaratzen, abesti gehiago dago etxean kalean baino. Eta abesti bat grabatuko dudala erabakitzen dudanean, asko zaintzen ditut konponketak, prozesua, grabaketa…

Istorioak

-Zein egoeratan eta zer aldarterekin entzuteko disko aproposa dela esango zenuke?

-Auskalo! Bitxia eta ederra da jendeak kontatzen dizunean non, noiz eta nola entzuten duen. Nik esango nuke abestien istorioak liburu bat irakurtzen den bezala entzun behar direla, horiek ere istorioak direlako, eta disko hau soinu-kalitate onarekin en-tzun behar dela, detaile guztiez jabetzeko. Ekipo edo kasko on batzuekin entzunez gero, bestela hauteman ezin diren sakontasuna eta soinuak ager-tzen dira.

-Zer sentitzen duzu taula gainean? Zein da unerik bereziena?

-Taula gainean sentitzen dut hori dela nire tokia, nire bizi-tzako tokietako bat, behin-tzat. Jendearekiko magia hori, konexio hori sentitzen dudanean, neure bihotza ireki-tzeak besteengan eragina baduela ohartzen naiz, jendea hunkituta eta eskertuta ateratzen delako kontzertutik. Hori da oparirik handiena. Oso berezia da taldekideekin ezartzen den konexioa ere, askotan sinkronizatuta gaudela baitirudi, batak bestearen hurrengo mugimendua asmatzen duelako.

-Hurrengo pausoa zure musika Euskal Herritik kanpo ezagutaraztea izango da?

-Bai, badut horretarako gogoa, baina ideia ona iruditzen zait etxetik hastea.

-Zein da disko honekin lortu nahiko zenukeen helburua? Baduzu amets jakinik?

-Disko honekin tokia egin diot neure buruari musikan, eta musikari neure lehentasunetan. Neure buruari esaten diot baietz, hau dela nire bidea. Nire ametsa bide honetan aurrera jarraitzea da, lanean, diskoak argitaratzen, kalitatea mantentzen eta jendea hunkitzen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos